B1 – Umekeriak ahazteko edadean gaude
IRAKURRIAREN ULERMENA – Irakurriko duzun testua Arantxa Iturbe Maizek Ezer baino lehen liburuan agertzen da.
Overview
Arantxa Iturbe Maiz
Alegian (Gipuzkoa) sortu zen 1964an eta Tolosan bizi da. Kazetaritza ikasketak egin zituen Iruñean (Nafarroa) eta 1985az geroztik aurkezle da Euskadi Irratian.
Irratilari famatua izateaz gain, idazle emankorra da. Horra, besteak beste, idatzi dituen lan batzuk: Ezer baino lehen (1998, Elkar); Nik eserita egiten dut, eta zer? (2001, Elkar); Beldurtia naiz, eta zer? (2001, Elkar); Norak suhiltzaile izan nahi du (2003, Elkar); Bi ipotx gure etxeko sofan (2004, Elkar); Amona basoan galdu zenekoa (2005, Elkar); Koaderno zuri (2017, Elkar).
Testua irakurri ondoan, galderei erantzun iezaiezu proposamen egokiak markatuz.
Bederatzi urte besterik ez nituen lehendabiziko aldiz maitemindu nintzenean. Xabier zuen izena: ile horia, modako orrazkera begi pareraino eta begiak, uste dut, marroiak zituela. Ez zen gelako hoberena, baina bai futbolean hobekien jokatzen zuena, eta horrek garrantzi handia zuen garai hartan. Ikastolako ekipoaren garaipen gehienak, berak buruz sartutako golei esker izaten ziren eta gol bakoitzeko irribarre bat eskaintzen zidan, nahiz eta gero ezikusiarena egin, lagunek ukabilkadaka “fenomeno” esaten ziotenean.
Kaniketan ere Xabierri irabaziko zionik ez zegoen gure gelan. Kolore guztietakoak ibiltzen zituen sakeletan, eta neskei irabaztea oso gustoko zuen. Baita mutilei ere, baina neskak lotsaturik uzteko aukera bat ere ez zuen galtzen.
Fubola eta kanikak hainbeste maite zituelako dakit ni ere maite ninduela. Behin, entrenamendura zihoala etxean esan eta neregana etorri zen, eta poltsikoan zituen kanika guzietatik bat neretzat aukeratzeko esan zidan: nik berde bat hartu nuen, den-dena berdea, eta hura parean jarrita begiratuz gero, bere begiak ere berdeak iruditzen zitzaizkidan.
Horregatik ez dakit oso seguru begiak berdeak ala marroiak zituen, baina marroiak zirela esango nuke. Haurrean esaten diren ergelkeria horietako bat esan nion egun hartan: kanika hura bizi guzirako nirekin gordeko nuela. Baina ez ziren oso egun onak izan. Zoriontsu nintzen alde batetik, fubolean hobekien egiten zuen mutila nereganatu nuelako eta nere lagun guztiak inbiriaz jota egongo zirela pentsatzen nuelako. Baina uste baino buruhauste gehiago sortu zidan lehendabiziko maitasun hark. Gogoan dut behin, klasetik atera eta etxera bidean, ibaira begira geratu nintzela, bera gibeletik zetorrela banekielako. Bera ere ibaiari so gelditu zen, munduko paisaiarik zoragarriena ikusiz, bapatean pentsatzea bururatu izan balitzaio bezala. Eta elkarren ondoan jarri ginenean, muxu bat eskatu zidan, hor ez, ahoan, eta ni ausarta bezain lotsagabea izaki, eman egin nion.
Hurrengo hiru egunetan ez nuen lorik egin. Ez emozioagatik, txoroek esaten duten bezala, kezka izugarri batek barnea jaten zidalako baizik: haurdun geratuko nintzela uste nuen mutil batek ahoan muxu eman zidalako, eta nik, Xabierrekin, haurrak izan nahi nituen, baina ez bederatzi urterekin. Maitasunaz seguru nengoen, baina konturatzen nintzen bederatzi urte goizegi zela haur bat izateko, eta gainera, asko larritzen ninduen, udan, piszinara joaterakoan, tripa handi eta zatar batekin agertu beharko nuela pentsatzeak. Urte askoz luzatu zen gure arteko maitasuna.Elkarrekin ezkontzeko promesa ere egin genuen, baina behin, auzoko bestetan Kontxiri dantza eskatzen ikusi nuen eta ez nion sekula barkatu. Kontxi, gure gelako neskarik tontoena zen, eta gu baino urtebete lehenago erretzen hasi zelako, beste neskak baino gehiago zela pentsatzen zuen. Gertatzen dena da, Kontxik urte bat errepikatu behar izan zuela, txikitan eri egon zelako eta horregatik hasi zen gu baino urtebete lehenago, ez gu baino bizkorragoa izateagatik. Eta gainera, nik berak baino nota hobeak ateratzen nituen ebaluazio guztietan.
Orain gauza haiek gogoratzeak barregura ematen dit, benetan maitemintzea zer den ikasi dudalako. Antoniok haren neskalaguna izan nahi nuen galdetu zidanean konturatu nintzen zer den egiazko maitasuna. Hurrengo egunean denei kontatu nien, gelan, eta Xabier ere erabat jeloskor jarri zen, nahiz eta bera orain, Kontxi bezain tontoa den Martarekin ibiltzen den.
Gainera, oraingo maitasunak ez dauka ordukoarekin zerikusirik. Orain badakit mutil bati muxu emateagatik ez naizela haurdun geratuko —aspaldi esplikatu ziguten hori— eta asko gustatzen zait. Batez ere Antonioren muxuak gustatzen zaizkit asko. Marilok esaten zidan kontuz ibiltzeko, neska bat baino gehiagorekin ateratakoa delako, baina badakit inbiria hutsez esaten zuela hori, berari ez ziolako dantzarik eskatzen eta niri bai. Eta niri ez zait axola neska askorekin atera izana. Eskubide osoa du, ni baino bi urte zaharragoa da eta ni baino bi urte lehenago hasi zen bizitzen, baina nik, bi urte gehiago bizitzen banaiz ere, ez dut beste inorekin atera nahiko. Nahikoa dut txikitako esperientziekin eta noizbehinka umekeria haiekin barre egitearekin.
Beste datu inportante bat: Antoniori bere aitak, moto bat erosiko diola hitz eman dio kurtsoa aprobatzen badu, eta azkarra denez, aprobatuko du, eta motoa ekarriko diote, eta datorren urtean baimena ateratzeko adina izango du ja eta ni eramango nau paseatzera inguruko neska guztiak lerdea dariela utziz.
Hiztegia:
ez ikusiarena egin: ikusiko ez balu bezala, alegia ez ikusia egin
inbiriaz jota: jelosiaz
zatar: itsusi
erretzen: pipatzen
barregura: irri egiteko gogoa
axola: inporta
lerdea dariela: lerdea isurtzen
Arantxa Iturbe
Ezer baino lehen
Elkar, 1992
(Ikasek moldatua)
Irakasleendako baliabideak
Baliabide hauen deskargatzeko irakasle eta Ikasen bazkide izan behar zara.
Course Features
- Activities B1 maila
You May Like
A2 – Mikel Laboa eta Daniel Landart Zure begiek
ENTZUNAREN ULERMENA - Zure begiek kantua Daniel Landartek idatzia du. Mikel Laboak, Mikel Laboa izeneko diskoan lehen aldikotz grabatu zuen 1969an. ...
A2 – Xalbador eta Jojo eta Ramuntxo Neskatoa haur beharretan
ENTZUNAREN ULERMENA - Neskatoa haur beharretan olerkia Xalbadorrek idatzi du eta Jojok eta Ramuntxok musikatu eta grabatu Maitasunez ba ote diskoan (1993).
A2 – Izaro Paris
ENTZUNAREN ULERMENA - Izaro abeslariaren Paris izenburuko kantua 2020eko Limones en invierno diskoan agertu zen.
A2 – Mikel Laboa Ama
ENTZUNAREN ULERMENA - Ama kantuak Jules Moulier “Otsobi” olerkariaren Maitatua sobera poema du oinarri. Mikel Laboak olerki horretako bertso bat hartu eta musikatu...
Course Features
- Lectures 0
- Quizzes 0
- Maila Hizkuntza maila guziak
- Students 0
- Assessments Self