B2 – Larresoro, 1910
IRAKURRIAREN ULERMENA
Overview
1910ean Larresoron ospatu zen Pantzar auziaren testua irakurri ondoan, erranaldiak osa itzazu proposamen egokia markatuz.
Jujea: Pantzar, hemen zara zure krima guziez kontu errendatzeko. Jan-edanetan etsenplu gaixtoak eman dituzu, eta zu zirela kausa izan dira gutartean desordre infamiak. Baduzuia abokatarik?
Pantzar: Ba, jaun jujea. Musde Ritou mintzatuko da ene alde.
Jujea: Musde Ritou, eman zaitez horren eskuinean. Prestatu bide duzu Pantzarren defentsa?
Ritou: Ba, jauna. Jaz ere abokata nintzen okasione berean.
Jujea: Bueno! Orai usaian bezala, adi ditzagun zonbait lekuko. Ea, Mari-Antoni, hurbil
honat. Zin egizu, eskua altxatuz, egia erranen duzula, egia osoa, eta egia hutsa, deus emendiorik* gabe.
Mari-Antoni: Zin egiten dut! Horra!
Jujea: Zer pasatu da Ihauteri honetan?
Mari-Antoni: Izan dela jate, edate, hizkatze*, panpatze*, moxkor, konkor, eta minkor, makil-ukaldi, mihi-ukaldi, ukumil*-ukaldi.
Jujea: Ta, ta, ta, ta, ta… Horiek oro… orotakoak dira… Xehetasunak behar ditugu: nork nun noiz zer egin duen.
Populua: Bai, xehetasunak, xehetasunak!
Mari-Antoni: Xehetasunak nahi badituzue, huna: Zubiburuko Mattin igande arratsean ikurmahurka* heldu zen, bere mintzo, boneta galdurik: bere etxea ez du ezagutu, hain zen edana; eta Madrillenean sartu da Mariluixa besarkatu nahiz, ustez-eta bere emaztea zuen…
Populua: Ho! Mihi gaixtoa! Salatari-malatari! Ez dun hire afera! Jaun jujea, ixilaraz ezazu zalamandrana* hori!
Jujea: Bueno! Mari-Antoni, baduzu aski erranik. Joanes Bordatoren aldi!… Bordato, egizu usaiako zina!
Bordato: Zin egiten dut. Horra!
Jujea: Zuk, zer jakin duzu Ihauteria honetako aferez?
Bordato: Soberazko jan-edanik. Xixon-ek bildu du tripako min bat izigarria; Popol-ek gau bat pasatu arroila batean, euria izan balitz ur sorta baten edateko irriskuan; igande arratsean Mari-Antoni, zaiak buru-gainerat bildurik zebilen gibel-aldea freskatu beharrez.
Mari-Antoni: Gezurra! Bordatok zernahi pentsatuko du bertzeen fama zikindu beharrez.
Populua: Egiak behar du bere bidea. Egia guztiak ez dira erraitekoak. Eskandala hutsa da auzi hau!
Jujea: Oixtion denak xehetasun galdez, orai xehetasunen beldur! Lekukotasunak utz ditzagun, eta mintza bedi prokuradorea.
Prokuradorea: Jaun-andereak, gauza den bezala erran behar dut. Eginbidez eta ofizioz Pantzar triste hau kondenaraztekoa dut, nahiz lekukoek ez duten hitzik erran haren kontra. Funtserat eta ez du biziki inporta…
Pantzar: Enetzat biziki inporta du… Ez nuke hil nahi!
Jujea: Zaude ixilik, Pantzar, utzazu jaun prokuradorea bere lanari…
Prokuradorea: Erraiten nuen bada Pantzar hemen dugula, mozkor eta deboxa* guzien
petzero* eta aitzineko. Hark pairatuko ditu Ihauteria honetan guzian izan diren makur guziak. Ai gormandizaren ondorio ikaragarriak…Mariunek bildu du beheitikoa, Josepak, goitikoa, Jakesek gibeleko zirrosia, Agostinek estomakako zauri bizia, Pedro-Marik itoa, Ixidrok albumina, Erramunek diabetesa. Eritasunez bertzalde, tripa dela kausa, zonbat mokoka ez da sortu, zonbat lizunkeria, zonbat moltsa ez da tturrindu*, zonbat etxe erori… Gaitz horiek guziak Pantzar honek behar ditu bere biziaz pagatu…
Jujea: Abokata mintza bedi.
Abokata: Bonus, Bona, Bonum… Gaitzak badu bere abantaila, ifrentzuak bere aldea bezala. Pantzar triparen aitzinekoa balin bada, eskerrak merezi ditu eta ez laidoak eta
akusamenduak. Tripa da jende guziak biziarazten dituen mekanika baliosa. Zer bilaka
lirateke ostatuak ez balitz jalerik ez edalerik? Arnoak ez balu mentarik, zertako genituzke mahasti-zainak? Arrainkiak ez balu arrakastarik, zertako arraintza? Xerrikiak, zikirokiak, idikiak ez balute tirarik, zertako genituzke urdezain, artzain eta azienda-gorri altxatzaileak?
Gisa berean jalerik ez balitz, ez genuke baratzezain beharrik. Ken ofizio horiek, suntsi lirateke bertze gehienak: ahotz, ehaile, dendari, marexal, eta denak.
Jujea: Jaun abokata, iduri du espres ahanzten dituzula oixtian aipatu izan diren gaitzak!
Abokata: Ez zaizkit batere ahanzten, jaun jujea! Eritasunik ez bagenu, lanik gabe lirateke mediku eta botikarioak; ez bagenu bekaturik, apezak deusetako ez genituzke; eta ez balitz behin ere deus makurrik gertatzen, sobera gintezke mundu honetan, abokata, prokuradore eta jujeak, salbu eta zure errespetua…
Populua: Egia handia!
Prokuradorea: Jaun abokata, ba ahal dakizu mahainak gerlak baino jende gehiago hiltzen duela. Gauza horrek ez zaitu poxi bat artegatzen*?
Abokata: Artegatzen? Ez den mendrenik*! Heriotzik ez balitz, zer egin lezakete hilobi egileek eta hil-kutxa egileek? Baina hau litzateke txarrena: haurrak sortzearen bortxaz ez genukeela mundu honetan nun koka, huts egonen lirateke zerua eta… infernua.
Jujea: Gauzak ontsa pisaturik, Pantzar, hiltzerat kondenatzen dugu.
Pantzar: O!
Jujea: Abokatak erakutsi baitizkigu zure merezimenduak, deliberatu dugu eginen dizugula fabore handi bat…
Abokata: Esker mila, jaun jujea, Pantzarren izenean.
Jujea: Ez da zeren… Beraz, Pantzar, zuhaurek hauta, ala nahi duzun kordaz urkatua izan, ala armaz fusilatua. Bertzalde hil eta nahiago ote duzu plazan erre zaitzagun ala zubitik urerat bota?
Pantzar: Azken puntu honetaz erranen dizut, jaun jujea, ez dudala behin ere ura biziki laket izan, ikuzteko baizik. Aldiz, hiltzeko maneraz, behar nuke, hautatzeko, epe poxi bat. Lepoa biziki kilika dut eta banago ez ote dudan korda latzegi kausituko. Aldiz beharriak izigarri minberak ditut; ez dakit buruko minik gabe jasaten ahal dudanez armen harrabotsa.
Jujea: Hala beharrez, kotoin kanika batzuk emanen dizkizugu beharrietan…
Ihauteria euskal literaturan
Mozos Mujika, Iñaki
Eusko Ikaskuntza, 1986. 160-162 or.
Hiztegia:
Emendio: irabazi
Hizkatze: mokokatze
Panpatze: kolpatze, jotze
Ukumil: ukabil
Mahurka: trebeska
Zalamandrana: emazte itsusi eta zikina
Deboxa: lizunkeria
Petzero: biktima
Tturrindu: galdu, hustu
Artegatu: arranguratu
Ez den mendrerik: nehondik ere ez/batere
Irakasleendako baliabideak
Baliabide hauen deskargatzeko irakasle eta Ikasen bazkide izan behar zara.
Course Features
- Activities B2 maila
You May Like
A2 – Mikel Laboa eta Daniel Landart Zure begiek
ENTZUNAREN ULERMENA - Zure begiek kantua Daniel Landartek idatzia du. Mikel Laboak, Mikel Laboa izeneko diskoan lehen aldikotz grabatu zuen 1969an. ...
A2 – Xalbador eta Jojo eta Ramuntxo Neskatoa haur beharretan
ENTZUNAREN ULERMENA - Neskatoa haur beharretan olerkia Xalbadorrek idatzi du eta Jojok eta Ramuntxok musikatu eta grabatu Maitasunez ba ote diskoan (1993).
A2 – Izaro Paris
ENTZUNAREN ULERMENA - Izaro abeslariaren Paris izenburuko kantua 2020eko Limones en invierno diskoan agertu zen.
A2 – Mikel Laboa Ama
ENTZUNAREN ULERMENA - Ama kantuak Jules Moulier “Otsobi” olerkariaren Maitatua sobera poema du oinarri. Mikel Laboak olerki horretako bertso bat hartu eta musikatu...
Course Features
- Lectures 0
- Quizzes 0
- Maila Hizkuntza maila guziak
- Students 0
- Assessments Self