B2 – Patxi Zubizarreta Usoa, hegan etorritako neskatoa
IRAKURRIAREN ULERMENA
Overview
Patxi Zubizarretak (Ordizia, 1964) euskal Filologia ikasketak amaitu zituen Gasteizen eta geroztik han bizi da.
Haur eta gazte literaturan ari da baita helduen literaturan eta itzulpengintzan ere. Aspalditik ahaleginak egiten ditu musikaren eta literaturaren uztartzeko. 2023an Euskadiko saria eta Espainiako Haur eta gazte Literatura saria irabazi zituen Zerria liburuari esker.
Testua irakurri ondoan, galderei erantzun iezaiezu.
Kukua, Afrikatik etortzen den hegazti migratzaile baten izena da.
Kasai, Afrikatik etorri zen neskatxa maitagarri baten izena da. Kukua bezala, Kasai hegaldaka etorri zen. Afrikatik hegazkin batean igorri zuten. Horregatik hemen denek Usoa deitzen dute, hegaka etorritako neskatoa. Eta aurtengo udaberrian ere kukua Afrikatik etorri da: kuku, ku-ku! Dirua sakelan, haur guztiak loriatuak dabiltza, aberasteko esperoan. Baina andereñoak erran du kukua hegazti alferra eta oportunista ere dela, ohantzea egin beharrean, arroltzeak beste hegazti baten habian abandonatzen dituelako. Usoa triste eta kezkatua da.
Usoa esaten dizute, hegan etorritako neskatoa. Eta beharbada horregatik, orain bezala, zerura begiratzea atsegin duzu, handik etorri zinelako, handik ekarri zintuztelako.
Baina orain kezkatuta zaude eta sabelean hamaika mila inurri dabilkizula dirudi. Eta zeruak zure begirada tristea ikusi du.
—Kukuak ku-ku, eta dirua sakelan, aberatsa urte guztian —esan dizue arratsaldean andereñoak.
Baina zu kukua entzun gabe ere, aberatsa zara urte guztian. Horretaz ere ziur zaude. Ziur baino ziurrago.
Zeren zuk, Usoa, ez baitaukazu ama bakar bat. Zuk bi ama dauzkazu: hangoa eta hemengoa. Eta zure hango ama ez da bihurria, alproja* eta aprobetxategia*!
Ez horixe!
Zure hango amak Afrikatik hona bidali zintuen han gose handia zelako, eta gerra, eta biek, goseak eta balek, jende asko hil zutelako. Seguruenik zure hango ama eta hango familia ere bai. Beharbada horregatik ere hain atsegin duzu zerura begiratzea, hangoak oso gogoan dituzulako, hangoak nortzuk eta nolakoak ziren oso ongi gogoratzen ez duzulako. Hain zinen txikia! Usoa esaten dizute hegan etorri zinelako. Eta zure hango amaren gutun bat daukazu. Eta horrek bai sentiarazten zaituela aberats. Zure hemengo etxera ekarri zintuztenean, gutun hori zen zure ekipaje* guztia, zure ekipaje bakarra. Eta gutuna irakurtzea, zerura begiratzea bezain atsegin duzu.
Antzina, gosete handi batean, gure aitonaren aitonak elefante bat hil behar izan zuen. Haren haragiari esker, gure etxean ez zen inor hil. Eta marfilezko* bi letaginak* beti altxor bat bezala gorde izan ditugu.
Zure bigarren amari hemengo ama esaten diozu. Eta maite duzu, eta ez da ipuinetako amaorde horiek bezalakoa, gaiztoa eta bihozgabea. Baina zure lehenengo ama ere, hangoa, oso ona da eta oso maite duzu. Eta ez da kukua bezalakoa.
Edo beharbada bai. Baina bere arrazoiak izango zituen egin zuena egiteko.
Urte askoren buruan, amona gaixotu zelarik, letagin bat saldu behar izan genuen aztiari eta ospitalekoei ordaintzeko. Eta orain bigarrena saldu behar izan dut, zeren gure herrian gose handia eta gerra piztu baitira.
Eta alaba txikia eta letagina bizkarrean harturik, hirira joan naiz. Aireportua bonbardatu baino lehen, letagina saldu eta diru horrekin hegazkin txartel bat erosi dut, baina ez dakit norako. «Jatekoa eta bakea duen herri baterako», esan diot txartel saltzaileari. Alaba txikiari esan diot bidaia luze bat egingo duela, eta lurreratutakoan, osaba batek itxarongo diola. Ez da egia, baina bera poztu da eta nik zinez espero dut norbaitek jaso eta zaindu egingo duela.
Haren izena Kasai da, eta ene begi niniak baino maiteago dut. Otoi, zaindu Kasai!
Eta zu zara Kasai, baina denek Usoa esaten dizute, hegan etorritako neskatoa.
Eta dagoeneko lau urte dira hegazkin handi batek Afrikatik hona ekarri zintuela, bakar-bakarrik, amaren gutuna ekipaje bakarra zenuela. Eta gutuna irakurtzen duzun guztietan bezala, orain ere zure begi nini beltzetan malko batzuk agertu dira, zeren hango amak zu bezala, zuk ere izugarri maite baituzu bera.
Eta orain ezin duzu zure zerua ikusi, baina zeruak zure begirada bustia ikusten du.
Hiztegia
1. alproja: kokin
2. aprobetxategia: oportunista
3. ekipaje: puska(k)
4. marfilezko: bolizko
5. letagin: hortz mota bat
Usoa, hegan etorritako neskatoa
Patxi Zubizarreta
Erein argitaletxea, 2008
Irakasleendako baliabideak
Baliabide hauen deskargatzeko irakasle eta Ikasen bazkide izan behar zara.
Course Features
- Activities B2 maila
You May Like
A2 – Mikel Laboa eta Daniel Landart Zure begiek
ENTZUNAREN ULERMENA - Zure begiek kantua Daniel Landartek idatzia du. Mikel Laboak, Mikel Laboa izeneko diskoan lehen aldikotz grabatu zuen 1969an. ...
A2 – Xalbador eta Jojo eta Ramuntxo Neskatoa haur beharretan
ENTZUNAREN ULERMENA - Neskatoa haur beharretan olerkia Xalbadorrek idatzi du eta Jojok eta Ramuntxok musikatu eta grabatu Maitasunez ba ote diskoan (1993).
A2 – Izaro Paris
ENTZUNAREN ULERMENA - Izaro abeslariaren Paris izenburuko kantua 2020eko Limones en invierno diskoan agertu zen.
A2 – Mikel Laboa Ama
ENTZUNAREN ULERMENA - Ama kantuak Jules Moulier “Otsobi” olerkariaren Maitatua sobera poema du oinarri. Mikel Laboak olerki horretako bertso bat hartu eta musikatu...
Course Features
- Lectures 0
- Quizzes 0
- Maila Hizkuntza maila guziak
- Students 0
- Assessments Self