B2 – Etorkizuna
IRAKURRIAREN ULERMENA
Overview
Iban Zaldua idazleak sortu Etorkizuna ipuina irakurri ondoan, marka ezazu baieztapenak zuzen ala oker diren.
-Ama, hildakoak, nora eramaten dituzte?
Amak ez entzunarena egin du, alabak galderak errepikatuko ez duen itxaropenarekin.
-Amaaa. Galdera bat egin dizudalaaa….
-Zein galdera, laztana? Barkatu, ez dut entzun. Dena dela, ez al zaizu iruditzen mantsoegi zoazela zure askariarekin? Ale, animo, ogitartekoa amaitzen baduzu laranja-zukua egingo dizut eta.
-Ea hildakoak nora eramaten dituzten galdetu dizut, ama.
-Hildakoak? Ba, beno, batzuk lurperatzen dituzte. Horretarako dira kanposantuak;
badakizu, Iparraldeko parkerako bidean dagoen lorategi hori…. Paretik pasatzen gara maiz.
-Lurperatu egiten dituztela?
-Bai, lurperatu, lur azpian sartu.
-Lur azpian, biluzik?
-Ez, ez, jantzita. Lehenengo zurezko kutxa batean sartzen dituzte, eta kutxa da lurrean
egindako zuloan ipintzen dutena; hori hilobia deitzen da. Gero lurrez estali eta bertan uzten dute.
-Batzuk lurperatzen dituztela esan duzu. Eta besteak?
-Beste batzuk erraustu egiten dituzte.
-Erraustu?
-Bai, erretzen dituzte, errauts bihurtu. Labe berezi batzuetan.
– Eta zer egiten dute errautsekin?
-Ba…. batzuk leku jakin batean haizatzen dituzte, hildakoari asko gustatzen zitzaion
lekuren batean adibidez. Beste batzuk, berriz, ontzi berezi batean gordetzen dituzte.
-A…
-Baina, esan, Ixiar, nork hitz egin dizu hildakoei buruz?
-Iñakik.
-Iñakik?
-Bai, ikastolakoak, gure gelakoak.
-Eta zer dela eta kontatu dizu ezer hildakoei buruz?
-Bere aitak esan diolako egunen batean hilko dela.
-…Hilko dela….? Baina….. Nola…..?
-Ba horixe, egunen batean hilko dela. Eta bere aita ere bai.
-Eta kontatu al dizu zer gertatzen zaien hildakoei hil ondoren?
-Aitak esan zion Iñakiri zerura joaten direla, eta izar bihurtzen direla han: horregatik daude horrenbeste. Hala al da?
-Bueno, hori da batzuek pentsatzen dutena.
-Beraz, lurperatzen dituztenak hilobitik atera eta zerura abiatzen dira?
-……
-Eta errausten dituztenak, ama? Nola egiten dute horiek zerura igotzeko, eta izarren
moduan pizteko?
-Esan dizut ba hori pertsona batzuek pentsatzen dutena dela, Ixiar.
-Eta zuk? Zer uste duzu zuk, ama?
-Ba….. ez dagoela ezer. Hil ondoren ez dagoela ezer. Desagertu egiten direla hildakoak,
animaliak bezala.
-Ni hilko naiz, ama?
-Ez, zu ez, laztana, zaude lasai.
-Eta zu, amatxo?
-Ezta ere. Eta orain, segi jaten, edo ez dugu sekula amaituko. Lagunekin parkera jaitsi nahi baduzu hobe duzu ogi apurrik ez uztea, ados?
Geroago, Ixiar oheratu ondoren, etxeko androideak prestatu eta zerbitzaturiko Meunière mihi-arraina afaltzen ari direla, amak bota dio aitari:
-Heriotzaren kontuarekin hasi zait gaur zure alaba.
-Hara!
-”Hara”: hori al da bururatzen zaizun guztia?
-Tira emakumea, ez da horrenbesterako, ezta?
-Eskolako batek komentatu dio. Iñaki delako batek. Ezagutzen al duzu? Ba al dakizu
zeintzuk diren haren gurasoak?
-Iñaki, Iñaki… zein esaten duzu, ile horixka duen hori, estratobus geltokikoa? Abizena
Argandoña duela uste dut… plaza ondoko domoetako batean bizi dira, oker ez banago.
-Zuk uste duzu… hilkorrak direla?
-Ez nuen sekula horretan pentsatu, baina… bai, posible da.
-Nik uste nuen, Lizeora bidalita, Ixiartxo ez zela halako jendearekin nahastuko.
-Hiriko eskolarik garestienetako bat da, eta horregatik aukeratu genuen. Izan ere, ez dut uste hilkor asko egongo denik bertan izena emanik. Baina Lizeoak ezin du bazterketarik egin, ordainduz gero behintzat, eta are gutxiago hilkorren eta hilezkorren artean. Jaurlaritzaren diru-laguntza galduko luke bestela.
-Ba ez zait ondo iruditzen, Imanol. Eta gure alaba Iñaki horren lagun mina egiten bada?
Oso harreman desorekatua izanen litzateke. Iñaki hori hil egingo da egunen batean,
ezinbestekoa da, eta horrek min handia emango lioke gure Ixiarri. Uste nuen horretaz hitz egin genuela, bakarrik hilezkorrekin ibiltzea komeni zitzaiola gure alabari.
-Bost urte besterik ez ditu, Maite! Egon lasai.
-Halere… Eta, bestalde, ez dut ulertzen. Lizeora bidaltzeko nahiko diru izanda, nolatan ez ziren gai izan semearentzat hilezkortasun programa genetiko bat ordaintzeko. Krudelkeria iruditzen zait.
-Ez dakigu zergatik ez duten egin. Agian umea jaiotzera zihoanean ez zeukaten diru hori. Eta, bestalde, badago hilezkortasuna arbuiatzen duenik ere, ondo dakizu, nahiz eta dirua izan.
-Ez dut sekula ulertuko, benetan.
Etorkizuna
Iban Zaldua
Alberdania argitaletxea, 2005
Irakasleendako baliabideak
Baliabide hauen deskargatzeko irakasle eta Ikasen bazkide izan behar zara.
Course Features
- Activities B2 maila
You May Like
A2 – Mikel Laboa eta Daniel Landart Zure begiek
ENTZUNAREN ULERMENA - Zure begiek kantua Daniel Landartek idatzia du. Mikel Laboak, Mikel Laboa izeneko diskoan lehen aldikotz grabatu zuen 1969an. ...
A2 – Xalbador eta Jojo eta Ramuntxo Neskatoa haur beharretan
ENTZUNAREN ULERMENA - Neskatoa haur beharretan olerkia Xalbadorrek idatzi du eta Jojok eta Ramuntxok musikatu eta grabatu Maitasunez ba ote diskoan (1993).
A2 – Izaro Paris
ENTZUNAREN ULERMENA - Izaro abeslariaren Paris izenburuko kantua 2020eko Limones en invierno diskoan agertu zen.
A2 – Mikel Laboa Ama
ENTZUNAREN ULERMENA - Ama kantuak Jules Moulier “Otsobi” olerkariaren Maitatua sobera poema du oinarri. Mikel Laboak olerki horretako bertso bat hartu eta musikatu...
Course Features
- Lectures 0
- Quizzes 0
- Maila Hizkuntza maila guziak
- Students 0
- Assessments Self