B1 – Pausa aterpetxea
IRAKURRIAREN ULERMENA – ©Guillaume Fauveau
Overview
Testua irakurri ondoan, erranaldiak osa itzazu proposamen egokiak markatuz.
Pausa aterpea, etorkinei urgentziazko laguntza eskaintzen duen zentroa
Egunero, ehun bat etorkin heldu dira Baionako Pausa aterpera. Suharki lanean ari diren boluntarioek jantziak, artamenduak eta laguntza juridikoa eskaintzen dizkiete.
2018ko urrian, laguntzaileak jantziak eta janaria ematen hasi ziren unean, arazoa begibistako bilakatu zen. Gaur egun, migratzaileen oinarrizko beharrei erantzuteko harrera zentroa ibiltzen da. Astelehenean egoitza berri bat irekiko du Herriko Etxeak gero eta handiagoak diren beharren asetzeko.
Elkarteen eskariei erantzunez, Herriko Etxeak eta Euskal Hirigune Elkargoak Baionatik iragaten diren hainbat etorkini lokal bat ireki zieten gutieneko laguntzaren eskaintzeko.
Baionako Lesseps karrikan duela hiru aste ireki zuten aterpetxeak frantsesezko, euskarazko eta okzitanierazko izena du: L’étape-Pausa-l’Estanquet. Egunero 100 migratzaile inguru hartzen ditu.
Herriko Etxeak Atherbea elkarteari eman dio datozen sei hilabeteetan egoitza kudeatzeko eginkizuna.
Lan horren egiteko, hasieratik laguntzaile diren zazpi pertsona kontratatu ditu Herriko Etxeak, denbora osoz. Epea bukatzean zer gertatuko zaien oraino ez da argi.
Erakundeetatik ukan duten laguntza ez baita aski, harreraren koordinatzeko Diakité (lagundu zuten lehen etorkinaren izena) elkarteko berrehun laguntzaile lanean ari dira. “Egunero lau oreneko hogei txanda bete behar dira, janaria eta jantziak banatu, laguntza juridikoa eman.
Badira ofizioko erizain boluntarioak ere. Hots, egunero ehun lagun behar dira”, azaldu zuen Maite Etxeberri Diakitéko kideak.
Baiona pasagunea da. Horregatik, Pausa aterpean epe laburreko egonaldiak antolatzen dira. Laguntzaile gehienak emazteak dira, eta horietarik anitz euskaldunak.
Etorkin gehienak gizonak dira eta, salbuespenak salbuespen, gehienez hiru egun egon daitezke Pausa aterpean. Hots, beste norabait eramanen dituen autobusa hartu bitartean ostatu hartzen dute Baionako aterpean.
Tren geltokitik hurbil eta Zizpa gaztetxearen ondoan da harrera zentroa. Bi solairuko eraikinean etengabeko mugimendua da: batzuk bainugelatik ateratzen dira, besteak telefonoz ari, goiko solairuko egongelan pausatzen edo jantokian biltzen.
Emazteek badute beren eremu propioa, elkar babesteko, gibelean den gela batean, eta han egoten dira denak. Bazkaltzeko tenorean jendea metatzen bada ere, egunean zehar migratzaile guziak sakabanaturik dira. Kanpoaldean, Aturri ibaiaren ertzetako hainbat jarlekutan solasean ari diren lagun taldeak ikus daitezke. Laguntzaileak leku estrategikoetan dira, bakoitza bere zereginetan.
Bestalde, gaur egun harrera zentroaren aitzinetik abiatzen dira Flixbus eta Ouibus konpainia pribatuetako ibilgailuak.
Hain zuzen ere, zenbait autobus gidarirekin izan dira arazoak. Legez kontra bidaiariei nortasun agiria eskatzen zieten eta etorkinek paperik ez zutenez, kanpoan uzten zituzten.
Joan den astelehenean, Baionan, autobusean hamazazpi lagun atxilotu zituen poliziak.
“Beldurra nabarmentzen da zeren eta estatu frantsesak mugak hetsi gogo dituela baitirudi” aitortu zuen Maite Etxeberri laguntzaileak.
IKASBIDE 5 (237 or.) liburutik hartua
AEK eta Ikas
Irakasleendako baliabideak
Baliabide hauen deskargatzeko irakasle eta Ikasen bazkide izan behar zara.
Course Features
- Activities B1 maila
You May Like
A2 – Mikel Laboa eta Daniel Landart Zure begiek
ENTZUNAREN ULERMENA - Zure begiek kantua Daniel Landartek idatzia du. Mikel Laboak, Mikel Laboa izeneko diskoan lehen aldikotz grabatu zuen 1969an. ...
A2 – Xalbador eta Jojo eta Ramuntxo Neskatoa haur beharretan
ENTZUNAREN ULERMENA - Neskatoa haur beharretan olerkia Xalbadorrek idatzi du eta Jojok eta Ramuntxok musikatu eta grabatu Maitasunez ba ote diskoan (1993).
A2 – Izaro Paris
ENTZUNAREN ULERMENA - Izaro abeslariaren Paris izenburuko kantua 2020eko Limones en invierno diskoan agertu zen.
A2 – Mikel Laboa Ama
ENTZUNAREN ULERMENA - Ama kantuak Jules Moulier “Otsobi” olerkariaren Maitatua sobera poema du oinarri. Mikel Laboak olerki horretako bertso bat hartu eta musikatu...
Course Features
- Lectures 0
- Quizzes 0
- Maila Hizkuntza maila guziak
- Students 0
- Assessments Self