B2 – Eskola 1940ko hamarkadan
IRAKURRIAREN ULERMENA
Overview
Jean-Baptiste Orpustanek eta Eñaut Etxamendik idatzi testuak irakurri ondoan, galderei erantzun iezaiezu.
1 – Beheko testuan, idazleak bere haur denborako oroitzapen bat kontatzen du. Ortzaizeko (Nafarroa Beherea) San Mixel eskola giristinoan gertatu zen, 1945. urtearen inguruan.
Ikastetxe guzietan bezala, bazen “antibasque” izeneko erregela berde ttipi bat, jostetaldietan1 eskolako korroilan2 den ezkerpareta ondoan haur zenbait euskaraz hasten bazen emaiten zitzaiona, eta bazen, “menditarretan3” gehienik, nori eman. Erdara laster ikasirik, guti ukan duket4 nihaurek.
Jean-Baptiste Orpustan
Bidenabarr. Baigorri: ZTK, 2019. 9. or.
(Ikasek moldatua)
2 – Beheko testuan, idazleak bere haur denborako oroitzapen bat kontatzen du.
Ezterenzubiko (Nafarroa Beherea) eskola publikoan gertatu zen, 1945. urtearen inguruan.
Eskolan baziren bi arroka bizkar xorrotx bat bestearen ondoan: baño bestea baino beherago eta bien artetik ateka5 hertsi bat dena harria. Hetan jauzteka zen gure jostetarik bat bihotz bihotzekoa. Bizkar batetik bestera pliu! Ez dugu sekulan jauzia huts egin… bestela ez gintaizke orai ni idazten ari eta Peio Gorhostietan artzain! Elgarri espalakoinak6 gordetzen genituen, bestea jauzika ari zelarik. Beraz, eskolarat gero ortusik7 ez sartzekotz espalakoinak soinean8 behar ginen ari han jauzteka…Behin Peiok espalakoinaren oina hautsi zuen luzean-luze! Zangoak ez.
Arrainka ere joaten ginen errekarat. Eskuka, jokoetarik bat: bat biziki axolaturik zagola arraina ezin bilduz harripe zokoan, besteak atzeman zezakeen amelharririk9 pollitena bota osinerat10 ahalaz arrainkariari hurbil pulunparazteko11 gisan…Eskolan, bistan dena beti euskaraz baizik ez ginen mintzo, kanpoan ala barnean. Errienta12 bera frantsesez. Behin errientak «buchette»-a eman zautan eskolarat sartzean: behar nakola beste bati eman euskaraz entzunen nuelarik… azkenik zukeena arratsean eskolan ilun artino. (Etxean egin behar lanak? Ardi biltze, ihaurgia13 egite eta garaitiko14? Pollitak gintezkeen…).
Errekreazionean Peiok: «are! Pilotan kanpoka ariko girela!»
– Oixu Peio, «buchette»-a.
Peiok jestua gelditu zuen eta so jarri eni. Denak isilik. Begitartea gogortu zitzakon«buchette»-a besagainka15 bota zuen oihanerat…Kiskun-kaskun ele16 zenbait baizik etzen nabari izan eskolako hegaldeian17, frantsesez, egun hartan. Biharamun berean oro euskaraz.
Eñaut Etxamendi
«Arrailoa». In: Idazlanen bilduma IV. Baiona: Maiatz, 2011. 94-95. or.
(Ikasek moldatua)
1 Jostetaldi: aire hartze, jostaldi
2 Korroila: josta-leku
3 Menditar: mendian, erran nahi baita, mendiko auzotegietan bizi den herritarra
4 Duket: dut beharbada 5 Ateka: bi arroken arteko pasaia hertsia 6 Espalakoin: eskalapoi (fr: sabot)
7 Ortusik: zapatarik gabe (fr: pieds-nus)
8 Soinean: 1/- jantzirik. 2/- lepo gainean.
9 Amelharri: (fr: pierre à fronde)
10 Osin: Erreketan eta ibaietan urak sakontasun handia duen tokia.
11 Pulunpatu: 1/- balantzatu 2/- murgildu
12 Errient: lehen mailako irakaslea ( gizona) (fr: instituteur)
13 Ihaurgi: azpiak. (fr: litière)
14 Garaitiko: gainerako, beste.
15 Besagainka: indar handiz egindako beso mugimendua
16 Ele: hitz.
17 Hegaldei: aterpe (fr: préau)
Irakasleendako baliabideak
Baliabide hauen deskargatzeko irakasle eta Ikasen bazkide izan behar zara.
Course Features
- Activities B2 maila
You May Like
A2 – Mikel Laboa eta Daniel Landart Zure begiek
ENTZUNAREN ULERMENA - Zure begiek kantua Daniel Landartek idatzia du. Mikel Laboak, Mikel Laboa izeneko diskoan lehen aldikotz grabatu zuen 1969an. ...
A2 – Xalbador eta Jojo eta Ramuntxo Neskatoa haur beharretan
ENTZUNAREN ULERMENA - Neskatoa haur beharretan olerkia Xalbadorrek idatzi du eta Jojok eta Ramuntxok musikatu eta grabatu Maitasunez ba ote diskoan (1993).
A2 – Izaro Paris
ENTZUNAREN ULERMENA - Izaro abeslariaren Paris izenburuko kantua 2020eko Limones en invierno diskoan agertu zen.
A2 – Mikel Laboa Ama
ENTZUNAREN ULERMENA - Ama kantuak Jules Moulier “Otsobi” olerkariaren Maitatua sobera poema du oinarri. Mikel Laboak olerki horretako bertso bat hartu eta musikatu...
Course Features
- Lectures 0
- Quizzes 0
- Maila Hizkuntza maila guziak
- Students 0
- Assessments Self