B2 – Baiona
IRAKURRIAREN ULERMENA- Baionari buruzko testu hau Bea Salaberrik idatzi du. Argazkia: ©Daniel VILLAFRUELA
Overview
Testua irakurri ondoan erantzun egokia seinala ezazu.
Lapurdi
Baionaren bihotzean sentitzeko, Plaxota plaza ttipira joan behar da.
Etxe lerroen artean, eremu zabal eta argia da, magnolia handien itzalean: han diren lekuak, jendeak, koloreak, denak maitagarriak dira. Lasaitasun handia da plazan; isiltasuna eta argia nagusi dira han. Etxeak aski apal eta sinpleak dira: herrixka dirudi! Kontraste handia da bi karrika urrunago den
hiriarekin, zirkulazioarekin, saltokiekin eta hiri handietan den bizi bizkorrarekin konparatuz.
Egiazki! Sinets ezazue! Hori Baionaren bihotza da: Lapurdum deitzen zuten herriaren erdia. Baionako jatorrizko auzotegia da eta inguru guzian IV. mendeko pareta eta egoitza zaharrak ageri dira. Leku horietan egin ziren indusketek agertu zuten jendea han bizi zela duela bi mila urte.
Mircea Eliade filosofo errumaniarrak zioen: “Lurralde batean plantatzea, mundu baten sortzearen parekoa da”.
Aturri eta Errobi ibaien gainaldean bazen hamalau metro goratasuneko muinoa, hezegunez inguratua.
Hastapenean, han finkatu ziren arrantzaleak, herrixka sortuz babesleku naturalean, eta lau mende geroago erromatarrek Lapurdum gune gotorra sortu zuten, harrizko hesiz inguraturik. Orduan, ohitura zutenez, bi karrika nagusi diseinatu zituzten, bata ipar-hego norabidean eta bestea ekialde-mendebalde norabidean: bi bide horiek gurutzatzen ziren zehazki muinoaren kaskoan, gaur katedrala den lekuan.
Eta hortik, Lapurdumetik, abiatu zen dena, gaurkora heldu arte, mendez mende. Harresiak moldatu ziren, populazioa handitu, auzotegi berriak eraiki, aktibitateak dibertsifikatu.
Gaur egun Baiona, Lapurdiko hiri nagusia izateaz gain, Iparraldeko hiru euskal probintziak administratiboki biltzen dituen Euskal Hirigune Elkargoko hiriburua da 2017az geroztik. Orain 50.000 biztanle baino gehiago ditu. Biztanleak hainbat jatorritakoak dira: inguruko eskualdeetatik etorri diren jendeak hor finkatu dira, baita migrazioaren ondorioz etorriak ere: Ipar Afrikatik, Frantziatik, Portugaletik, mundu osotik, hots! Herri horretako aktibitate sozioekonomikoa biziki inportantea da: saltokietan, zerbitzuetan, administrazioan, osasungintzan, irakaskuntzan eta kulturgintzan.
Harresien barneko geografia
Harresiei begiratzean, ez ezazue ahantz: ez zituzten denak batean eraiki, ez dira denak garai berekoak.
Lehenak IV. mendean egin zituzten, baina gero, mendez mende, moldatu eta handitu zituzten, inbasioengatik edo gerlengatik, pixkanaka. Azkenik, XVII. mendearen bukaeran harresiek behin betiko forma hartu zuten.
Harresi barnean hiru auzotegi historikoak ditugu.
Lehenik, Baiona Handia, Errobi ibaiaren ezkerraldean eta hiriaren erdialdean kokatua da. Han sortu zen hiri erromatarra. Ondotik, Erdi Aroan, portu bilakatu zen, kanalez betea. Bestalde komentu anitz bazen.
Ondare elementu ederrak badira auzotegi hartan: zubi zaharrak, etxeak, katedrala.
Bigarrenik, Baiona Ttipia, Errobi ibaiaren eskuinaldean da. Han ere kanal anitz bazen, non ontzi ttipiak ibiltzen ahal baitziren. Auzotegi hori Baiona Handia baino herrikoiagoa izan da betidanik.
Azkenik, San Izpiritu. Aturriren eskuinaldean da, iparraldean. Beste bi auzotegiak baino berriagoa da, horregatik ez du harresirik. Antzina, auzotegia izan baino lehen, herri independentea zen. 1857an, San Izpiritu Baionako auzotegi bilakatu zen. Hartan bada XVII. mendeko zitadela. Auzotegiak luzaz fama txarra ukan zuen, eta auzotegi marjinala dela erraten dute oraino. Nortasun handiko lekua da eta kulturalki anitza.
Baiona
Bea Salaberri
Elkar argitaletxea
(Ikasek moldatua)
Hiztegia
Indusketa: arkeologiako metodoak erabiliz, antzinako hondakinak edo tresnak lurpetik
ateratzea, desagertu zibilizazioen berri jakiteko.
Hezegune: eremu hezea, gehienetan ordokia, komunzki edo beti urpean izaten dena.
Gotor: sendo.
Irakasleendako baliabideak
Baliabide hauen deskargatzeko irakasle eta Ikasen bazkide izan behar zara.
Course Features
- Activities B2 maila
You May Like
A2 – Maddi Sarasua Laskarai Emozioak
ENTZUNAREN ULERMENA - Emozioak Maddi Sarasuak idatzi bertsoak dira.
A2 – Pantxika Solorzano Nola sendi zara?
ENTZUNAREN ULERMENA - Adi egon disko-liburuan (Ikas, 2021), bada Pantxika Solorzanoren Nola sendi zara? kantua. Abesti horretan elkarren kontrako emozioak aipatzen dira.
A2 – Sorotan Bele Zortzi orduko ekaitza
ENTZUNAREN ULERMENA - Horra Sorotan Bele taldearen Zortzi orduko ekaitza kantua (Sorotan Bele izenburuko diskoa, Elkar, 1993).
B1 – Berri Txarrak Berriz min hau
ENTZUNAREN ULERMENA -Berriz min hau Berri Txarrak taldearen abestia da, 2007an Gor diskoetxeak argitaratu Zertarako Amestu izeneko dokumentalean agertzen dena. Kantuaren hitzak Peru Aranburu...

Course Features
- Lecture 0
- Quiz 0
- Duration 10 weeks
- Maila Hizkuntza maila guziak
- Students 0
- Assessments Yes