AXULAR APEZARENA
Baziren hiru apez: bat Iruñekoa; bertzea Donostiakoa; eta bertzea, Axular, Urdazubikoa. Joan ziren, apez egin ondoan, hirurak deabruaren eskolarat, han ikasi behar zutela eta. Deabruak erran zien eskola irakatsiko ziela; baina bat harentzat gelditzekotan. Eskola behar zuten urte bat eta egun batez ikasi. Ari izan ziren, beraz, han, eskola ikasten.
Urtea eta egun bat iragan ondoan, etorri zitzaien deabrua:
– Egunak egun egin dituzue.
Baietz, Axular apezak arrapostu. Eta Axularrek berak, orduan, manatu zuen apez donostiarra eman zedila aitzinean, eta agindu zion eskola hartatik kanpora joateko; haren ondotik, Iruñeko apeza; eta, azkenik, bera.
Deabruak galdetu zien:
– Zein da, orain, nirea?
– Har ezak nire gibelekoa -eman zion Axularrek arrapostu, atzera begira.
Eta deabruak eraman zion, bere zapata takoiarekin, itzala! Geroztik, hartakotz eta horregatik izan zen Axular itzalik gabea!
Apez haiek, deabruaren eskola ikasi zuten ondoan, turnatu ziren, eta itzuli, bakoitza bere tokietarat.
Axular apeza etxera etorri zen. Eta, egun batez, Urdazubiko elizan meza eman eta, amari erran zion:
– Gure Aita Saindua deabruarekin esposatzerat doa, egun!
Infernuan den deabrurik abilena galdatu eta eskatu zuen Axularrek, eta ekarrarazi zuen beraganat.
Galdetu zion deabru hari ea zenbat denboraz eginen zion Erromako bidaia! Erran zion deabruak:
– Oren edo ordu erdi bat harat, oren erdi bat hango, eta oren erdi bat honat. Beraz, oren bat eta erdi!
– Ez haiz hi nik behar dudan mandoa.
Ekarrarazi zuen Axularrek bertze deabru bat, zeren hori ez baitzuen aski abila.
– Zenbat denboraz eginen duk hik Erromarako bidaia?
– Bortz minutu harat, bortz minutu hango, bortz minutu gibelerat etortzeko.
– Hi haiz nik behar dudan mandoa eta, gero: Ama, ekar iezadazu kapa bat, Erromarat noa.
Igotzen da deabruaren gainean, eta partitzen da Erromarat.
– Ai, ai, ai! Unatua nauk, eta nekatua -egiten zuen deabruak.
– Harri, diablo, atxik! -bertzeak.
Haiek Erromarat ordukotz, denak mahai eder batean jarriak, Aita Saindua deabruarekin esposatua zen. Axularrek, orduan, jotzen die leihoa eta zerbitzari bati erraten dio:
– Eska iezaiozu Aita Sainduari mahaia neur dezala eskuko makilarekin: zenbat den luze, zenbat den zabal.
Aita Sainduak hala egin zuen. Neurtu zuen mahaia eta, makilarekin gurutzatu zuelarik, gelditu zen konpainiarik gabe; gurutzea ikusi eta, mahai hartan jarriak ziren deabru haiek guziak handik suntsitu eta desagertu baitziren. Axular apeza, bi minuturen buruan, itzuli zen gibelera, Urdazubirat. Orduan, amari egin zion:
– Ama, Jakako mendian elurra ari du!
– Hik dakik, ba, Jakako mendiaren berri?
– Begira iezaiozu nire kapari.
Ama harritu zen ikusi zuenean kapa, dena elurrez betea, eta bere semea horren urrun ibili zela horren laster. Baina hark ez zion aitortu urrunago ere ibilia zela, hamabi minutuz. Eta geroztik, hartakotz eta horregatik ez dute apezek esposatzea libro edo aukeran izan.
Amattoren uzta
Mayi Ariztia
Patxi Zubizarretak eta Ikasek egokitua