B2 – Ameztoikoak
IRAKURRIAREN ULERMENA – Ameztoikoak izenburuko testuan, Marikita Tanburinek bere arbasoen etxeari buruz idatzi du. Argazkian: Marikita Tanburin
Overview
Testua irakurri ondoan, marka ezazu baieztapenak zuzen ala oker diren.
Zapata pare bat bidexka bazterrean, neskato ñimiño bat oinak putzuan, gona gerriraino bustia, urean jauzika, irriz karkailaka. Aitatxi belarrean jarririk neskari begira, lurrezko pipa itzalia hortzen artean, oiloak kafazka inguruan. Goizeko eguzkia zeru argian gora, ainarak itzulika gero eta beherago: ortzia egingo? Orga baten karranka xendratik behera heldu, soroz kargatua. Aitzinean Labrit xakurra zaunkaka, ondotik dituela etxaldeko mutila* eta
neskaren aita-amak. Ama kexu:
– Baina nolaz uzten ahal duzu haurra errekan jostatzera?
– Bero egiten din, egun ez dun hoztuko!
Gibeleko atetik amatxi ateratzen da, zaia ilun titaduna, galtzerdi eta espartin beltzak, motots zuria:
-Bazkaria prest da!
-Lehenik orga hustu behar dugu sabaian, euria hasi baino lehen. Edateko freskoa ekar ezazu otoi!
Hori da Ameztoiaz gelditzen zaidan lehen oroitzapena eta bakarra, lau urtez baizik ez bainintzen bertan bizi izan. Alta, ezin sendatuzko zauri bat badut nire baitan sortetxeari buruz. Zein atxikia naizen Ameztoiari, nihaur harritzen nau. Ongi oroitzen naiz, zenbat maite nuen bertako amatxi eta berak zer sentimendu amultsuak zituen niri buruz.
Haur denboran, Angelutik bisitatzera joaten nintzaionean, ez nuen ia euskaraz hitz egiten, eta amatxik frantses gutxi zekien. Orduan kantuak erakusten zizkidan etxe aitzineko harrizko aulkian jarririk. Haurrak ikas ezazue eta Ikusten duzu goizean xaramelatzen
genituen biek, gure begien aurrean irekitzen zelarik panorama zoragarri bat: Baigorriko
harana mendiz inguraturik. Afroamerikar etxekoandre berriak turistei saltzen dien “hamar
mila dolarreko bista”, berak dioen bezala!
Euskalduna nintzelako kontzientzia hamasei urtetan hartu nuen, amatxi hil eta bi urtera.
Segidan hasi nintzen aitamen mintzaira berreskuratzen. Ameztoiko armairuetan ziren
argazki eta paper zahar batzuk bildu nituen, osabak emanik. Nire eskuetan direnak bederen
nehork ez ditu erre, bertan gelditu zirenen gisa. Ameztoia eta etxaldeko lurrak ez dira gehiago gure familian 1998tik, otto hil zenetik. Hala ere, ez dugu gure jatorria ahanzten ahal; ezta gordetzen ahal isilpean atxikia izan dena, baina artxiboek salatzen dutena. Ameztoia, nahiz eta etxalde ona izan, agote* etxea zen. Hori agerian uzten duen lehen dokumentua
Nafarroako erresuma garaikoa da: 1469an notario batek erromantzez* idatzia.
Ez dakigu noiztik bertakotuak ziren gure aitzinekoak. Ezin erran, milaka urtetan hemen
gaindi zabiltzan edo Erdi Aroan nonbaitik jin ziren Baigorrira bizitzera orduan “cristian”
deitzen zituzten gure arbasoak. Nor ote ziren? Agoteez ditugun oraingo ezagutzen arabera,
ezin asma nondik heldu ziren. Nola jakin zerk bultzatu zituen etxe baten eraikitzera Iparlako
mendipean, Leizaratzuko jauregitik hurbil, Urhandiaren gainaldean, ametzak ziren kasko leun batean? Etxeari izena eman zion haritz mota ez dago gehiago aurkitzen gune horretan, dena labakitua* izan baitzen laborantzarako, baina oraindik badira ametzak parean den Jara mendiko mazelan.
Miarritzeko lizeoan ikasle nintzelarik, sortetxearen arakatzen* hasi nintzen. Planoak
marraztu nituen eta genealogia bat abiatu nuen. Euskal Herriko legeen arabera ez baitzen
bereizkuntzarik egiten emazteei buruz, ohartu nintzen mendeetan zehar etxaldeko ondorengoa neskek ukan zutela batez ere . Dokumentuen arabera, Ameztoiko hamabost belaunalditan hamar aldiz bederen emaztekiak izan ziren oinordekoak.
Azken hirurak ezagutu ditut: amatxi, ama eta ni. Baina ez nintzen sekulan prima* izatera heldu. Gurasoek eta nik, etxetik joan behar izan genuen 1950ean, amatxik kanporaturik. Orduan, amatxi zahartua bakarrik gelditu zen baserriaren ibilarazteko, Alemaniatik 1945ean eri itzuli zen bere semearekin.
Amak ene aita sobera maite zuelako edo amatxik bere alabaz zuen amodio eskasak, zerk
ekarri ote zuen Ameztoiaren galera? Edo lehenago hasia ote zen Argentinako emigrazioarekin eta 1914ko gerlarekin? 2009ko abenduaren 24an, etxe hutsaren aitzinetik
pasatzean, negar egiteko gogoa eta hitz hauek sortu ziren nire baitan: “Eguberri gaua.
Ameztoia isila eta iluna. Hemen ez da kerik, ezta argirik! Non ote dira zure kantu eta irriak?
Non da zure bizia, betirako galdu dena? Betidanik gurea zen Ameztoi zaharra”.
Lekukotasun hau nire alabatxi eta sematxiei eskaintzen diet, jakin dezaten nongoak diren
eta harro izan daitezen beren arbasoez. Nahiz eta agoteak izan, burua apaltzen ez zuten
horietarik ziren, mendez mende ikasi zutenak zuzengabekerien kontra borrokatzen.
Esperantza dut Ameztoiko ondokoek beren haurrei gure hizkuntza erakutsiko dietela, nire
aitzinekoek nirekin egin zuten bezala. Amesten dut, geroan ere, gure askazikoak egiazko
euskaldunak izanen direla, hots euskara dakitenak, beraz orain izkiriatzen dudana
irakurtzen ahalko dutenak.
Ameztoikoak
Marikita TAMBURIN
Etxea eta etxekoak
Euskaltzaleen Biltzarra, 2015
Hiztegia:
mutil: morroi; etxekoa izan gabe baserrian lan egiten duena.
agote: talde sozial bat, oso baztertua izan zena.
erromantze: latinetik datorren edozein hizkuntza.
labakitua: luberritua, ereiteko prest den lurra.
arakatzen: ikertzen
prima: oinordekoa, emaztea baldin bada. Gizona baldin bada, premua erraten zaio.
Irakasleendako baliabideak
Baliabide hauen deskargatzeko irakasle eta Ikasen bazkide izan behar zara.
Course Features
- Activities B2 maila
You May Like
A2 – Mikel Laboa eta Daniel Landart Zure begiek
ENTZUNAREN ULERMENA - Zure begiek kantua Daniel Landartek idatzia du. Mikel Laboak, Mikel Laboa izeneko diskoan lehen aldikotz grabatu zuen 1969an. ...
A2 – Xalbador eta Jojo eta Ramuntxo Neskatoa haur beharretan
ENTZUNAREN ULERMENA - Neskatoa haur beharretan olerkia Xalbadorrek idatzi du eta Jojok eta Ramuntxok musikatu eta grabatu Maitasunez ba ote diskoan (1993).
A2 – Izaro Paris
ENTZUNAREN ULERMENA - Izaro abeslariaren Paris izenburuko kantua 2020eko Limones en invierno diskoan agertu zen.
A2 – Mikel Laboa Ama
ENTZUNAREN ULERMENA - Ama kantuak Jules Moulier “Otsobi” olerkariaren Maitatua sobera poema du oinarri. Mikel Laboak olerki horretako bertso bat hartu eta musikatu...
Course Features
- Lectures 0
- Quizzes 0
- Maila Hizkuntza maila guziak
- Students 0
- Assessments Self