B2 – Ama Euskal Herria, Xalbador
IRAKURRIAREN ULERMENA
Overview
Biografia
Xalbador, izen-deiturez Fernando Aire Etxart (Urepele, Nafarroa Beherea, 1920ko ekainaren 19a – 1976ko azaroaren 7a), bertsolaria eta artzaina zen. Bizitza, familia, baserria, fedea eta natura ziren bertsoetan gehienik aipatzen zituen gaiak. Bertsolari txapelketa eta sariketa anitz irabazi zituen. 1946tik 1960ra Hego Euskal Herriko bertso-saio anitzetan parte hartu zuen.
Ezin bertzean (1969) eta Odolaren mintzoa (1976) bertso bildumak argitaratu zituen.
Zorigaitzez, 1976ko azaroaren 7an Urepelen eskaini zitzaion omenaldi egunean bihotzekoak
jo eta hil zen. Ohorezko euskaltzain izendatuzuten 1977an.
Bertsoen egiteko metodologia
Bertsolariek egitura erritmiko jakin batean sortzen dute bertsoa. Bertsoen sortzeko, neurria (bertso lerro eta silaben kopurua) eta errima errespetatu behar dituzte. Errimatik
errimara doan bertso atalak puntua izena du. Puntuko azken hitzak, errima duenak, oina
izena du.
Silaba kopuruari begiratzen bazaio, hauek dira neurri nagusiak:
– ttipia: puntua 13 silabakoa da. Idaztean, batzuetan 7 eta 6 silabako lerroak tartekatzen
dira (7/6). Beste batzuetan, puntuak 13 silabako lerro bakarretan dira.
– handia: puntua 18 silabakoa da. Idaztean, batzuetan 10 eta 8 silabako bertso lerroak
tartekatzen dira (10/8). Beste batzuetan puntuak 18 silabako lerro bakarretan dira.
Beste aldetik, bertso lerro kopuruari begiratzen bazaio, hauek dira molde nagusiak:
– kopla: lau bertso lerro, bi puntu.
– zortzikoa: zortzi bertso lerro, lau puntu.
– hamarrekoa: hamar bertso lerro, bost puntu.
Ama Euskal Herria izenburuko bertsoak irakurri ondoan, galderei erantzun iezaiezu.
Ama Euskal herria (Xalbador)
1. Delikatua baitut egungo sujeta,
hasi aitzin egin dut zonbait gogoeta
gure arteko asko ele entzun eta,
euskaldun agertzea ez baita josteta.
2. Badakit askoz ere nukeela hobea
nehori ez agertu ene dolorea
odolaren mintzoa eduki gordea
nahiko nuke baina ezin dut ordea.
3. Ama Euskal Herriaz naiz nahigabetua,
uztera doalakotz betikotz mundua,
bere seme alabez abandonatua;
nork barka dezaguke gure bekatua?
4. Bata dela eskuina, bertzea ezkerra,
euskaldunen artean hazi dugu herra,
ahantziz, Ama, zure maitasun ederra,
horra zure semeok dautzugun eskerra.
5. Baztertu dugulakotz zure maitasuna,
desegin da betiko gure batasuna,
gu baitan aditzen da gudu oihartzuna,
hau da zuri bizia ekendu dautzuna.
6. Lehen sartu zitzauzun ezpata zorrotza
zure etxe nagusi jartzean arrotza;
halere etzitzauzun gelditu bihotza;
etxekoen eskutik duzu heriotza.
7. Zure lekua hartu duen andereak,
gurekin behar ditu pairatu bereak;
amaizunarendako ez daizke hobeak
ama ukatu duten haur dohakabeak.
8. Baditaike semeok noizbait oroitzea,
Ama, zuganik izan dugula sortzea
guhaurek bilaturik zure ehorztea,
jasan beharra dugu gaztigu dorpea.
9. Hilobi huntan noizbait norbait badabila,
zure izaitearen herrestoen bila,
lurpetik entzunen du deiadar bipila:
hemen dago ama bat bere haurrek hila!
Irakasleendako baliabideak
Baliabide hauen deskargatzeko irakasle eta Ikasen bazkide izan behar zara.
Course Features
- Activities B2 maila
You May Like
A2 – Mikel Laboa eta Daniel Landart Zure begiek
ENTZUNAREN ULERMENA - Zure begiek kantua Daniel Landartek idatzia du. Mikel Laboak, Mikel Laboa izeneko diskoan lehen aldikotz grabatu zuen 1969an. ...
A2 – Xalbador eta Jojo eta Ramuntxo Neskatoa haur beharretan
ENTZUNAREN ULERMENA - Neskatoa haur beharretan olerkia Xalbadorrek idatzi du eta Jojok eta Ramuntxok musikatu eta grabatu Maitasunez ba ote diskoan (1993).
A2 – Izaro Paris
ENTZUNAREN ULERMENA - Izaro abeslariaren Paris izenburuko kantua 2020eko Limones en invierno diskoan agertu zen.
A2 – Mikel Laboa Ama
ENTZUNAREN ULERMENA - Ama kantuak Jules Moulier “Otsobi” olerkariaren Maitatua sobera poema du oinarri. Mikel Laboak olerki horretako bertso bat hartu eta musikatu...
Course Features
- Lectures 0
- Quizzes 0
- Duration 10 weeks
- Maila Hizkuntza maila guziak
- Students 0
- Assessments Yes