B1 – ZER DA GAU BELTZA?
IRAKURRIAREN ULERMENA
Overview
Testua irakurri ondoan, galderei erantzun iezaiezu.
ZER DA GAU BELTZA?
Gau beltza edo Arimen gaua ohitura eta ospakizun bat da. Herrietako gazteek, izara bat soinean, baserrietako kuiak eta arbiak ebasten zituzten antzina. Kuien barrena hustu, eta aho, begi eta sudur zuloak egiten zizkieten. Kuia barnean kandela bat sartu, eta herritarrak iziarazten zituzten gau horretan herriko gazteek.
JATORRIA: NONDIK DATOR?
Historia luzea du Gau beltzaren ospakizunak munduan. Irlandan du jatorria, tradizio zeltan, hain zuzen. Gau horretan Samhain festa ospatzen zuten irlandarrek. Samhain-ek udaren amaiera esan nahi du. Ospakizun horrekin, uzta garaia bukatu eta negua hasten zen haientzat. Gaua arbasoak omentzeko baliatzen zuten, eta haien izpirituak bestara gomitatzen zituzten. Euskal Herrian, kuiekin eta arbiekin bihurrikeriak egiten zituzten herriko gazteek, helduak izitzeko, eta hildakoak oroitzeko. Halere, ez dago frogatua Euskal Herriko ohiturak loturarik duenik Irlandan egindakoekin.
EZ DA HALLOWEEN?
All hallows evening (santu guzien arratsaldea) esapide laburpena da Halloween, eta Eskozian agertu zen. Irlandako eta Eskoziako herritar anitz Ameriketako Estatu Batuetara joan ziren, eta hara eraman zuten besta. 1840. urtean ospatu zen lehen aldiz han, eta gaur egun oso zabaldua da. Mozorro beldurgarriak jantzi eta etxez etxe gozokiak biltzen dituzte haurrek. Horretarako, «saria ala ziria» (ingelesez, « trick or treat ») esaten dute.
BA AL ZENEKIEN?
Trick or Treat (trikimailua ala tratua) esapidea zelten tradizioari lotua da. Horren arabera, festa ospatzera etortzen ziren izpirituen artean, baziren gaiztoak, eta horiek uxatzeko egiten zen. Onena tratua egitea zen. Euskal Herrian ez zen horrelako esapiderik erabiltzen, baina zenbait berri sortzen ari dira.
Esaterako, Mutrikun sortu dutena:
xumli, xumla,
Txingili, txangili, txango.
Gau beltza, beltzago;
Kalabazek argituko.
Janaria eman arte,
Ez gara joango
USADIO ZAHARRA BERRASMATUZ
Gau beltza XX. mendearen hastapenean hasi zen ospatzen Euskal Herrian, eta 1950eko
hamarkada(ra) arte iraun zuen. Ondotik, eta gaur egun arte, herri askotan galdu egin da erritua, eta beste zenbait lekutan usadioaren berreskuratzeko ahaleginak egiten dira. Josu Ozaitak eta Jaime Altunak, adibidez, Hildako kalabazen berpiztea liburua argitaratu zuten 2018an. Gau beltzaren jatorri eta gaur egungo joerak aztertu zituzten. Ildo beretik, Euskaltzaleen Topaguneak tradizioa berrasmatzeko bidea hasi du.
Leku anitzetan ahantzia zen tradizioa den arren, beste leku batzuetan Gau beltza ospatzen jarraitzen dute: Barakaldon, Lekeition, Areatzan, Ondarroan (Bizkaia), Mutrikun, Andoainen, Oiartzunen, Pasai Donibanen eta Aretxabaletan (Gipuzkoa), Itsasun (Lapurdi), etab.
Mantangorri aldizkaria
2020-10-31n argitaratua
(Ikasek moldatua)
Irakasleendako baliabideak
Baliabide hauen deskargatzeko irakasle eta Ikasen bazkide izan behar zara.
Course Features
- Activities Arimen gaua
You May Like
A2 – Mikel Laboa eta Daniel Landart Zure begiek
ENTZUNAREN ULERMENA - Zure begiek kantua Daniel Landartek idatzia du. Mikel Laboak, Mikel Laboa izeneko diskoan lehen aldikotz grabatu zuen 1969an. ...
A2 – Xalbador eta Jojo eta Ramuntxo Neskatoa haur beharretan
ENTZUNAREN ULERMENA - Neskatoa haur beharretan olerkia Xalbadorrek idatzi du eta Jojok eta Ramuntxok musikatu eta grabatu Maitasunez ba ote diskoan (1993).
A2 – Izaro Paris
ENTZUNAREN ULERMENA - Izaro abeslariaren Paris izenburuko kantua 2020eko Limones en invierno diskoan agertu zen.
A2 – Mikel Laboa Ama
ENTZUNAREN ULERMENA - Ama kantuak Jules Moulier “Otsobi” olerkariaren Maitatua sobera poema du oinarri. Mikel Laboak olerki horretako bertso bat hartu eta musikatu...
Course Features
- Lectures 0
- Quizzes 0
- Maila Hizkuntza maila guziak
- Students 0
- Assessments Self