B1 – Hiru egun balearen sabelean
IRAKURRIAREN ULERMENA – Patxi Zubizarretaren Hiru egun balearen sabelean izenburuko liburuko zati bat irakurriko duzu. Pasarte horretan, Maldemer gatuak kontatzen du baleontziko eskifaiak balea bat nola ihiztatu zuen.
Overview
Testua irakurri ondoan, lot itzazu paragrafoak eta paragrafoen laburpenak.
1. Sagu jakinluzearen gainera jauzi egiten ari nintzen. Behingoz, gorriak eta beltzak ikusiko zituen belarri txiki zikinak. Baina une horretantxe ere “Ba-balea!” entzun nuen, txo berriaren oihua. Eta balea hitza entzuten dudan guzietan bezala, listuz bete zitzaidan ahoa eta ahantzi egin nuen mundua. Sagurik irentsi ezinik, balea dastatuko nuen aspaldiko partez. Gaitz erdi. Orduan brankako soketara egin nuen jauzi. Handixe ikusiko nuen balearen harrapaketa. Tximista gorria!
2. Brankako soketan gora, aurrena sei bat baleako taldea ikusi nuen, ufaka eta arnaska, eta izurde sail bat inguruan. Hurrena izozmendiak eta bizpahiru itsasontzi bistatu nituen. Eta, azkena, urrunean, urtero bezala, Ternua, artean zuri berde baino gehiago.
3. Miau batean jaitsi zituzten txalupak. Arraunka, arrantzaleak baleei ahalik eta isilen hurbildu zitzaizkien. Lehen txalupako arpoilariek, Joanesek, lemazainari begiradarekin seinalatu zion balea bat. Eta isiltasuna mamizkoa izan zen, eta Joanesen arpoia gezi baten pare zihoan, txooof!, eta piztiaren bizkarraldean barneratu zen. Orduan, balea zaurituak buztankada batez erdibitu zuen itsaso odoldua, eta arrastaka eraman zuen txalupa. Azkar baino azkarrago, hainbat arrantzalek ere kakoak jaurtiki zizkioten, eta piztiak puska batean irristaka eraman zituen hiru txalupak.
4. Balea harrapatzen duten guzietan bezala, listuz bete zitzaidan ahoa. Eta karelera egin nuen jauzi. Hara lotua eramango baitzuten munstroa lehorrera, handixe ikusiko bainuen laster ahoratuko nuen balea.
5. Eta handixe agertu zitzaidan urte hartan ere gure kaia izango zena: Portutxo.
6. Baleak laster eman zuen azken hatsa, laster egin zuen azken ufada. Portutxora zeramatela, gorpu tzarrak itsas txori piloa erakarri zituen San Rokera.
7. Kapitaina pozaren pozez zegoen eta laztan egin zidan bizkarraldera. “Bai ongi, Maldemer, bai ongi!” Arrantzaleei iazko txabola konpontzeko agindu zien aurrena, eta teila apurtuak aldatzeko; eta balearen koipea prestatzeko labeekin hasteko hurrena. Baina itsasontzian hainbeste egun igaro eta gero, arrantzaleak balantzaka eta barre zantzoka jaitsi ziren Portutxora. Orekari eutsi ezinik, kostatu egin zitzaien aginduak betetzea eta balearen gorpu menditsua zatitzeari ekitea.
8. Miau batean igaro ziren harrezkero egunak. Txo berriak, Ternua gero eta berdeagoan, hamaika bider oihukatu zuen “Ba-balea!”. Igaro ziren azken elurrak ere, handitu zen berdamena eta piztu koloreak, eta batik bat luzatu egin zen eguna. Eta, horrekin batera, txoaren barrena. Bai kapitaina bai eskifaia pozaldi betean zebiltzan, izan ere itzulerarako gero eta karga handiago biltzen ari baitziren, izan ere itzulera bera gero eta hurbilago baitzegoen… Baina batez ere San Joan egun irrikatua hurbiltzen ari zen, arrantzaleen benetako festa eguna.
Hiztegia:
branka: itsasontzien aitzinaldea
kako: pieza okertua eta, anitzetan, punta-zorrotza, zerbaiten zintzilikatzeko, edo zerbaiti lotzeko edo heltzeko erabiltzen dena.
karel: itsasontzietan, saihets bakoitzaren gainaldea edo gaineko ertza.
Hiru egun balearen sabelean
Patxi Zubizarreta
(Ikasek moldatua)
Irakasleendako baliabideak
Baliabide hauen deskargatzeko irakasle eta Ikasen bazkide izan behar zara.
Course Features
- Activities B1 maila
You May Like
A2 – Maddi Sarasua Laskarai Emozioak
ENTZUNAREN ULERMENA - Emozioak Maddi Sarasuak idatzi bertsoak dira.
A2 – Pantxika Solorzano Nola sendi zara?
ENTZUNAREN ULERMENA - Adi egon disko-liburuan (Ikas, 2021), bada Pantxika Solorzanoren Nola sendi zara? kantua. Abesti horretan elkarren kontrako emozioak aipatzen dira.
A2 – Sorotan Bele Zortzi orduko ekaitza
ENTZUNAREN ULERMENA - Horra Sorotan Bele taldearen Zortzi orduko ekaitza kantua (Sorotan Bele izenburuko diskoa, Elkar, 1993).
B1 – Berri Txarrak Berriz min hau
ENTZUNAREN ULERMENA -Berriz min hau Berri Txarrak taldearen abestia da, 2007an Gor diskoetxeak argitaratu Zertarako Amestu izeneko dokumentalean agertzen dena. Kantuaren hitzak Peru Aranburu...

Course Features
- Lecture 0
- Quiz 0
- Maila Hizkuntza maila guziak
- Students 0
- Assessments Self