B1 – Muga guzien gainetik 3
IRAKURRIAREN ULERMENA – Muga guzien gainetik liburuan, Désiré, Lazina, Jalil eta Nuraren istorioa kontatzen da. Maliko lau lagun dira. Europara buruz abiatzen dira beren eta herritarren bizimoldearen hobetzeko xedearekin. Irakurriko duzun pasartean, Jalil, Nura eta Kiran lagunek migratzaileen kanpamentutik ihes egin dute eta Palermoko hirira iritsi dira.
Overview
Testua irakurri ondoan galderei erantzun iezaiezu.
Karrika zola batean gorde eta xoko bat aurkitu zuten gauaren iragateko. Han goxatu ziren gure hiru lagunak, abenturak hartzen zuen itxura berriaz zorionduz.
Biharamun goizean, argiaz baliatu ziren Palermoko hiriaren ezagutzeko. Hainbeste eraikin handi, karrika zabal eta ongi artatuak, autoak denetan.
– Hainbeste eliza! Zenbat urre eta apaindura! Karrika kantoi guzietan badira. Désirék ikus balitza…
Hitz horiek erratean, Jalili gustu samina heldu zitzaion ahora.
– Nurarekin naiz, bai, baina taldearen parte batek ez du Europa ezagutu.
Kiranek haren gogoetatik atera zuen, ez baitzen hain gustuan: bisitatzeko gogoa zuen, bai eta lasterka eta irri egiteko, baina bazekien hein batean gorde behar zutela. Engoitik norbait ohartua zitekeen kanpamentutik joanak zirela, hobe zuten diskretu egotea.
Pentsaketan ari zirelarik, oihu batzuk entzun zituzten urrunean. Burua itzultzean, ikusi zituzten jende anitz karrika batean, saldo* handian, haiei hurbiltzen ari, pankarta eta banderola handi batzuk eskuetan; zalu-zalua ondoko karrika bazterrean gorde ziren.
Kiranek erran zuen, ahapetik:
– Manifestaldi bat da.
Entzun ziren oihuak: “Etorkinak kanpora”! “Europa ez da Afrika !” “Lanbideak hartzen dizkigute!” “Gure haurrentzat beldur gara!”
Ondoko gizon afrikar xahar bati itzulpena eginarazi ondoan:
-Nola? -harritu zen Jalil-. Nolaz dira gure kontra altxatzen? Ez gaituzte ezagutzen ! Ez gara etorkin guziak berdinak!
Nurak, bere aldetik:
– Egia da, kanpamentuetan zerraturik atxikitzen gaituzte, hiritik kanpo. Ez dira sekula etorri gure ikustera. Nolaz gaituzte gaizki ikusten?
KIRAN.-(Ahapetik) Ixo! Ikusiko gaituzte!
Hitz horiek erratean, ohartu ziren gazte batzuek entzun zituztela, eta haiei buruz heldu zirela, makilak eskuan.
KIRAN.- Goazen, fite!
– Eta ez, preseski -zioen Jalilek-, parada dugu haiekin hitz egiteko!
KIRAN.-(Haserre) Orain aski! Goazen kuxian*, ikusten duzu ez direla kalakan aritzera heldu! Erna!
Hiru gazteak abiatu ziren karrikaren beste puntara buruz. Nura itzuli zen eta ohartu hamabost mutil gazte lasterka zituztela ondotik. Lasterka segituz, erran zuen:
– Hori da europarren ongietorria? Hola gaituzte errezibitzen?
Karrikaren puntan, ezkerraldeko pasaia hertsi batean sartu ziren, eta gero berriz ezker, karrika nagusira heltzeko. Han, ustekabean polizia gizonekin gertatu ziren bekoz-beko. Poliziek gazteak aise gelditu zituzten. Doietarik, mutil tropa hor baitzuten, kasik harrapaturik! Kalapitan ari izan ziren polizia eta manifestatzaileak, makila ukaldika, gasak aurtikiz, harriak ere batzuetan. Anartean, hiru etorkin gazteak polizia kamioneta batean sartu zituzten. Handik egon ziren, harriturik, karrika borrokari so.
– Baina zer da mundu hau? -pentsatu zuen Jalilek-. Amak etxetik igorri nau hona, bidea izigarri zaila eta luzea izan da, lagunak bidean galdu ditut hain segur, eta orain, ohartzen naiz sekula ikusi ez ditudan gazte batzuek jo nahi nautela, eta berriz Afrikara igorri?
Hiztegia:
saldo: talde, multzo
kuxian: berehala
Xalbat ITZAINA, Paxkal BOURGOIN
Muga guzien gainetik
Ikas
Irakasleendako baliabideak
Baliabide hauen deskargatzeko irakasle eta Ikasen bazkide izan behar zara.
Course Features
- Activities B1 maila
You May Like
A2 – Mikel Laboa eta Daniel Landart Zure begiek
ENTZUNAREN ULERMENA - Zure begiek kantua Daniel Landartek idatzia du. Mikel Laboak, Mikel Laboa izeneko diskoan lehen aldikotz grabatu zuen 1969an. ...
A2 – Xalbador eta Jojo eta Ramuntxo Neskatoa haur beharretan
ENTZUNAREN ULERMENA - Neskatoa haur beharretan olerkia Xalbadorrek idatzi du eta Jojok eta Ramuntxok musikatu eta grabatu Maitasunez ba ote diskoan (1993).
A2 – Izaro Paris
ENTZUNAREN ULERMENA - Izaro abeslariaren Paris izenburuko kantua 2020eko Limones en invierno diskoan agertu zen.
A2 – Mikel Laboa Ama
ENTZUNAREN ULERMENA - Ama kantuak Jules Moulier “Otsobi” olerkariaren Maitatua sobera poema du oinarri. Mikel Laboak olerki horretako bertso bat hartu eta musikatu...
Course Features
- Lectures 0
- Quizzes 0
- Maila Hizkuntza maila guziak
- Students 0
- Assessments Self