B1 – MAKILAKIXKI
IRAKURRIAREN ULERMENA – Luis Barandiaran Irizarren (Jose Migel Barandiaranen iloba) Euskal Herriko alegia, ipuin eta kondairen bilduma liburuko ipuinetarik da Makilakixki.
Overview
Ipuina irakurri ondoan, erranaldiak osa itzazu proposamen egokiak markatuz.
MAKILAKIXKI
Munduan asko bezala, etxe batean aita hiru semeekin bizi omen zen. Seme zaharrena morroi* joan zen oso urrutira.
Urtea bete ondoren, soldata ordez asto bat eman zioten. Eta asto horrek, berari “egik urrea” esanez gero, urrea egiten zuen.
Hala bere etxera zetorrela, gau batez urrutiko etxe batean geratu zen ostatuz. Oherakoan ostalariari esan zion:
– Ez gero nire astoari “egik urrea” esan.
Baina mutila ohera joan zeneko, ostalariak ukuiluan* astoari esaten zion: “egik urrea”. Eta astoak urrea ugari egin zion.
Orduan ostalariak asto haren tokian hura bezalako beste asto bat jarri zion.
Hurrengo goizean, hartu zuen ostalariaren astoa berea zuelakoan, eta mutila oso alai bere etxera abiatu zen. Etxean laster asko esan zien aitari eta anaiei nolako astoa zekarren. Eta hala, lurrean zabaldurik izara* handi bat jarri zuten, eta haren erdian gure astoa, hantxe urrea egin zezan.
– Egik urrea, esan zion mutilak.
Baina urrerik ez zen azaltzen han. Eta mutilak “egik urrea” behin eta berriz esan arren,
astoak urrea egin ordez izara guztia simaurtu* zien.
Gero bigarren semea joan zen morroi. Eta urtea bete ondoren, mahai bat eman zion bere
nagusiak.
“Jartzak bazkaria” edo “afaria” esanez gero, mahai horrek bazkaria edo afaria bertan
prestatzen zuen.
Hala ba, mutil hori bere etxera zetorrela, gau batean anaia zaharrenari astoa lapurtu zioten etxe hartan bertan ostatuz geratu zen. Oherakoan ostalariari adierazi zion:
– Ez gero mahai honi “jartzak bazkaria” esan.
Baina hura ohera joan zen orduko, ostalariak mahai haren ondora hurbildurik, “jartzak
bazkaria” esan zion. Eta mahaiak bertan bazkaria prestatu zuen. Orduan ostalariak mahai hura ezkutatu* eta hura bezalakoxe beste mahai bat, haren tokian jarri zuen.
Hurrengo goizean mutil hark, hartu zuen ostalariaren mahaia berea zelakoan eta alde egin zuen.
Etxera zenean, ikusi orduko esan zien bere aitari eta anaiei nolako mahaia zekarren. Eta
hala, mahai horri denen aurrean deiadar* egiten zion:
-Jartzak bazkaria.
Baina mahaiak ez zuen ezer prestatzen. Ez da harritzekoa eta mutil gizajoa* oso triste geratu zen. Gero anaia gazteena joan zen morroi.
Eta urtea bete zuenean, bere nagusiak makila bat eman zion.
Makila horrek bazuen adur* ikusgarri bat. Bere aurrean “makilakixki” esanez gero, mutil
hori ez beste inguruko guztiak joka txikitu beharrean hasten zen.
Hala gure mutila bazetorren etxera, eta gau batean beste anaiei lapurreta egin zien etxe
hartan bertan ostatuz geratu zen.
Afalondoan, lotara zihoanean ostalariari esan zion:
– Ez gero nire makilari “makilakixki” esan.
– Ez, ez, erantzun zion ostalariak.
Baina hura ohera joan zeneko, hartu makila eta “makilakixki” deiadar egin zion ostalari
lapurrak.
Eta makila hasten da bazter guztiak txikitu beharrean, denak joka, ostalaria eta etxeko
beste guztiak. Hark atera zuen han iskanbila*!
Orduan ostalaria, estu eta larri, makilaren jabearengana joanda makila hori geldiarazi
zezan erregu egin* zion. Baina besteak ezetz erantzun zion, hari eta bere anaiei lapurtutako astoa eta mahaia eman artean, ez zuela geldiaraziko makilarik.
Eta hala ostalari zital* hark astoa eta mahaia bihurtu zizkion.
Orduan gure mutila, bere makila, asto eta mahai, etxera joan zen. Eta handik aurrera denak ondo bizi izan omen ziren.
Hori hala bazan,
sar dadila kalabazan.
Euskal Herriko alegia, ipuin eta kondairen bildumak
Luis Barandiaran Irizar
Hiztegia:
Morroi: mutil
Ukuilu: barruki
Izara: mihise
Simaurtu: kakaz zikindu
Ezkutatu: gorde, kukutu
Deiadar egin: oihukatu
Gizajo: gaixo
Adur: indar magikoa
Iskanbila: kalapita
Erregu egin: otoizka galdatu
Zital: gaizto
Irakasleendako baliabideak
Baliabide hauen deskargatzeko irakasle eta Ikasen bazkide izan behar zara.
Course Features
- Activities B1 maila
You May Like
A2 – Maddi Sarasua Laskarai Emozioak
ENTZUNAREN ULERMENA - Emozioak Maddi Sarasuak idatzi bertsoak dira.
A2 – Pantxika Solorzano Nola sendi zara?
ENTZUNAREN ULERMENA - Adi egon disko-liburuan (Ikas, 2021), bada Pantxika Solorzanoren Nola sendi zara? kantua. Abesti horretan elkarren kontrako emozioak aipatzen dira.
A2 – Sorotan Bele Zortzi orduko ekaitza
ENTZUNAREN ULERMENA - Horra Sorotan Bele taldearen Zortzi orduko ekaitza kantua (Sorotan Bele izenburuko diskoa, Elkar, 1993).
B1 – Berri Txarrak Berriz min hau
ENTZUNAREN ULERMENA -Berriz min hau Berri Txarrak taldearen abestia da, 2007an Gor diskoetxeak argitaratu Zertarako Amestu izeneko dokumentalean agertzen dena. Kantuaren hitzak Peru Aranburu...

Course Features
- Lecture 0
- Quiz 0
- Maila Hizkuntza maila guziak
- Students 0
- Assessments Self