B1 – Euskal Herriko animalia batzuk desagertzeko arriskuan
IDATZIZKO BITARTEKOTZA – Argazkia: Sasi ardiak. Jose Maria Plazaola Erostarbe
Overview
Behereko testua irakurri ondoan, ideia nagusiak bil itzazu eta laburpen bat egizu.
Euskal Herrian desagertzeko arriskuan diren animalia arrazak Arranomendin urtarrilean hiru betizu hilik agertu izanak eta hegazti gripearen egoerak antzinako animalia arrazen babes eskasa agerian utzi dute. Pottoka, betizua, sasi ardia, euskal xerria eta erle beltzaren egoerak aztertu ditugu.
Urtarrilaren hastapenetan hiru betizu hilik eta puskaturik aurkitu izanak kezka eragin du Ipar Euskal Herriko herritar eta eragile anitzen artean. Behi arraza basa arrunt ezaguna da Arranomendi eta Xoldokogainan ibiltzen diren mendizaleen artean. Hura bezala, bioaniztasun agronomikoan funtsezko funtzioa betetzen duten beste hainbat animalia arraza ere desagertzeko arriskuan dira.
«Arraza» hitza bera eztabaidagai da. Batzuk nahiago dute «populazio» erabili, edo xehekiago,
«umezurtz» den arraza. Hala dio arraza mehatxatuen hazkuntza sustatzen duen federazioak. Haren helburua «arraroak diren etxalde arrazen babestea da, ondare sozioekonomiko eta erreserba genetiko gisa kontsideratzen baitira».
Betizu behia. Euskal Herriko tokiko arraza enblematikoenetarik da. Izena bera antzinakoa da,
«behi» eta «izu» hitzen elkarketa. Akitaniako arrazen kontserbatorioak dioenez, frantses estatu mailan horrelako bizimodu basa duen behi mota bakarra da. Iparraldeko Betizuak elkartea 2015ean desegin ondoan, kontserbatorio hori da behi arraza horren segimenduaz arduratzen dena. Betizuak badira Bidasoaren bi aldeetan. Kontserbatorio horren arabera, Ipar Euskal Herrian 150 baino gutiago daude, ar zein eme. Frantses estatuan behi basen estatusa ez denez ezagutua, betizuentzat ez dago babes juridikorik. Ezagutza hori da Biriatuko auzapezak berriki galdegin duena. Izan ere, hutsune juridiko horrek behi arrazaren biziraupena bera arriskuan ezartzen du.
Euskal xerria. Gorputz luzea, belarri apalak, azal argia eta tita beltzak buruan eta gorputzean…
Zalantzarik gabe, euskal xerria identifikatzen ahal da ezaugarri horiei esker. 1980ko hamarkadan kabala horien kopurua arrunt apala zenez, pika-beltz arrazaren salbatzea kausitu zen. Berantago, euskal arraza izena hartu zuen Euskal Herrian garatu zelarik. Sendoak eta ibiltari onak diren urde horiek mendian hazten dira, harizti, gaztainondo edo pagadietan. Egun, ugaltzeko ahala duten 300 zerrama inguru dira.
Sasi ardia. Haien izenak dioen bezala, urte osoan mendian bizi dira. Ez dira oso lagunkinak, beste ardien jarrerarekin konparaturik, sasi ardiak bakarturiko talde ttipitan ibiltzen baitira. Urtean behin, neguan zehazki, artaldeak biltzen dituzte tokiko zirkuituen bidez salduko diren bildotsak jasotzeko. «Historikoki arrunt erresistentea, Euskal Herriko ardi mota berezi honek ez du arrazen estandarizaziorik jaso», azaldu du Akitaniako arrazen kontserbatorioak. Tamaina ttipikoa, buru gorrikoa, ardi horiek artile luze eta trinkoa dute.
Pottoka. Hain segur euskal animalia ezagunenetarik da. Pottoka, oso antzinako jatorria duen zaldi sendo eta ttipia da. Euskal Herriko mendi kasko batzuetan biltzen dira libreki azken pottokak. Alta, populazio hori apaltzen ari da, haren espazio naturalaren zatiketagatik eta pottoka anitz beste arraza batzuekin gurutzatu direlako. Hazle guti batzuek 1960ko hamarkadatik zaindurik, frantses estatuan gaur egun 6000 pottoka badira, botere publikoen arabera. Hego Euskal Herrian ere badira.
Erle beltza. Europako erlearen azpi espeziea da: gorputz osoa iluna du, abdomenean tita marroiak izaten ahal ditu. Erle beltzaren tokiko populazioak funtsezko eginkizuna betetzen du basa landareen polinizazioan. Itsasun eta inguruko herrietan erle beltzak gereziondoen polinizazioa laguntzen du eta horri esker dira erreximenten egiteko gerezi beltzak heldu. Euskal Erle Beltza elkartea arraza horren babesteko lanean ari da, tokiko erle beltzaren biziarazteko eta garatzeko ekimen zehatzak eginez.
Irakasleendako baliabideak
Baliabide hauen deskargatzeko irakasle eta Ikasen bazkide izan behar zara.
Course Features
- Activities Animalien alde
You May Like
B2 – Maitagintzan Maddi Sarasuaren maneran
IDATZIZKO ADIERAZPENA - Maddi Sarasuaren Biharraren hegietan izenburuko liburuan Maitagintzan olerkia agertzen da.
A2 – Ai, maitasuna!
IDATZIZKO BITARTEKOTZA - Behereko irudia ikustean, lagun bat etorri zaizu gogora. Pertsona horri bidaltzea pentsatu duzu.
B1 – Ai, maitasuna!
IDATZIZKO BITARTEKOTZA - Behereko irudia ikustean, lagun bat etorri zaizu gogora. Pertsona horri bidaltzea pentsatu duzu.
Course Features
- Lectures 0
- Quizzes 0
- Maila Hizkuntza maila guziak
- Students 0
- Assessments Self