B1 – Donibane Garazi
IRAKURRIAREN ULERMENA – Nora Arbelbide Letek idatzi du Donibane Garaziri buruzko testua. Argazkia: ©Daniel Villafruela
Overview
Testua irakurri ondoan, seinala ezazu baieztapenak zuzen ala oker diren.
Autoa utzi, oinez ibiltzen hasi eta denbora hartuz, hain ohikoak ez diren bide batzuetatik pasatuz, orduan nehoiz baino ederrago ager daiteke Baxenabarreko hiriburua. Bere ttipitasunean handi. Ttipia baita Donibane Garazi. Bilboko kale bat, kale ttipi bat. 1586 biztanle eta 2,73 kilometro karratu.
Ttipia eta ederra. Baina batzuetan, ahantz daiteke haren grazia. Bi arazo ditu. Batetik, egunerokotasunean harrapaturik zaudela. Hiria hiriburu ere bada. Hau da, hiri nagusi. Ttipia izanik ere, han daude ikastetxeak, merkatua, saltegiak, administrazioari lotu kontuak, bankuak, medikuak, dentistak… Egin beharrak egiteko hirira etortzean, gogoa okupatua daukazu, eta inguruari ez diozu gehiago begiratzen.
Bigarren arazoa, erakartzen duen bisitari kopuru handia da. Ederra da Donibane Garazi eta, jakina, bisitatu beharreko hirien zerrendan sartua da. Eta bere ttipitasunean, laster bisitarien metaketa itogarria bihur daiteke, nardagarri izateraino.
Hiriak fabrika mota baten itxura har dezake. Turista-fabrika bat.
Noizbait, Donibane Garazira iristen bazara, eta auto-ilara batean harrapatua bazara, edo ezin aparkatuz ibiltzen bazara, edo, arrazoia edozein izanik ere, pixka bat estresatua baldin bazara, utz gogoetak airatzera.
Goratasun horretatik, nehoiz baino eleganteago agertuko zaizu Donibane-Garazi.
Mendiak ez ditu falta inguruak. Mendi bakoitzak badu bere izena, bere istorioa, bere berezitasuna.
Menditik jauts gaitezen orain. Hemen daukagu ibaia, garraio ezin egokiagoa, garai batean, mendiko egurra behera ekartzeko erabiltzen zutena. Zein eta, Errobi. Garazi ibarreko Ezterenzubiko Oriune oihanean sortu eta Baionaraino luzatzen da. Baionan, Aturri ibaian sartzen da 55 kilometroko ibilbide luzea egin ondoren.
Donibane Garaziko parteari dagokionez, posta karta guzietan agertzen da Errobi. Eliza, etxeak, zubia, eta azpian, Errobi. Segur dena da Donibane Garazi ez zutela sortuko ez balu ukan ibairik ondoan. Beste herri anitzetan bezala, ura erdigunean izan zuten hiriaren hasieratik. Biziaren egunerokotasuna segurtatzen zien ibaiak. Eiherak edo errotak ere izan zituen hasieratik hiriak.
Segur dena da errekazaleentzat leku ederrak eskaintzen dituela. Bide nagusietatik urruntzeko parada ere ematen du, Donibane Garaziko elizako atetik ateratzean, adibidez. Baina hor, posta kartaren beste aldea agertzen da. Hau da, uraren kalitatea. Duela zenbait urte gazte bat bertan bainatu eta eritasun biziki arraro batek kutsatu zuen. Ofizialki 1983tik Errobin bainatzea debekatua da.
Azaleko uraren kalitatearen analisiek eremu osoan uraren kalitatea okertuz doala nabarmentzen dute, azken urte hauetan zenbait egokitzapen egin badituzte ere. Edaten baita Errobiko ura, Lapurdin. 20.000 kontsumitzaile neguan, bi aldiz gehiago udan. Uztaritzeko ur-biltze gunetik dute hartzen uraren parte bat.
Ura edangarri egiteko, anitz tratatu behar dutela aitortzen dute arduradunek.
Donibane Garazi,
Nora Arbelbide Lete
Elkar argitaletxea (Ikasek moldatua)
Irakasleendako baliabideak
Baliabide hauen deskargatzeko irakasle eta Ikasen bazkide izan behar zara.
Course Features
- Activities B1 maila
You May Like
A2 – Mikel Laboa eta Daniel Landart Zure begiek
ENTZUNAREN ULERMENA - Zure begiek kantua Daniel Landartek idatzia du. Mikel Laboak, Mikel Laboa izeneko diskoan lehen aldikotz grabatu zuen 1969an. ...
A2 – Xalbador eta Jojo eta Ramuntxo Neskatoa haur beharretan
ENTZUNAREN ULERMENA - Neskatoa haur beharretan olerkia Xalbadorrek idatzi du eta Jojok eta Ramuntxok musikatu eta grabatu Maitasunez ba ote diskoan (1993).
A2 – Izaro Paris
ENTZUNAREN ULERMENA - Izaro abeslariaren Paris izenburuko kantua 2020eko Limones en invierno diskoan agertu zen.
A2 – Mikel Laboa Ama
ENTZUNAREN ULERMENA - Ama kantuak Jules Moulier “Otsobi” olerkariaren Maitatua sobera poema du oinarri. Mikel Laboak olerki horretako bertso bat hartu eta musikatu...
Course Features
- Lectures 0
- Quizzes 0
- Duration 10 weeks
- Maila Hizkuntza maila guziak
- Students 0
- Assessments Yes