B2 – Muga guzien gainetik 1
IRAKURRIAREN ULERMENA – Muga guzien gainetik liburuan Désiré, Lazina, Jalil eta Nuraren istorioa kontatzen da. Maliko lau lagun dira, Europara buruz abiatzen direnak beren eta herritarren bizimoldearen hobetzeko xedearekin. Irakurriko duzun pasartean, Libiatik Italiarantz itsasontziz abiatzen diren mementoa kontatzen da.
Overview
Testua irakurri ondoan, erranaldiak osa itzazu proposamen egokiak markatuz.
Goizaldean, lehen argi izpiek inguruak argitzen zituzten unean, motorraren burrunba tupustean* isildu zen.
– Ezantza fini dugu -erran zuen kapitainak-. Orain haizearen menpe gara!
Emeki-emeki, bozak altxatzen hasi ziren, haserrez, gosea eta egarria ere sendi baitziren. Batzuk pasatzaileen kontra irainka ari ziren, itsasontzia utzi baitzuten, beste batzuk, aldiz, motorra ezin piztuz behin eta berriz entseatzen, azkenak kapitainarekin eta iparrorratz eramailearekin mokoka.
– Ez gara bederen itzulika ari?
– Iparrorratzari begira segitzen dugu, beti iparrera buruz. Ez gara hain urrun segurki.
KAPITAINA. – Egon zaitezte geldirik, bestenaz ontzi hau uzkailiko zaigu!
Gisa batez, eztabaida horiek bidaiari bizi zerbait ematen zioten, ordu arte animazioa eskas baitzen.
Baina laster gauzak aldatu ziren.
Arrastirian, burrunba azkar bat entzun zuten. Urrunean. Bai, urrunean. Ez hain urrun azkenean. Gero eta hurbilago. Bazterrak iluntzen ari ziren. Zerua zen goibeldu, txoriak ziren isildu…
Tximista tiro batek zerua urratu zuen! Ortzantz azkarrak harrapatu zituen.
Jalil eta Nurak ez zuten sekula halako deusik jasan: zerua garrasika hasi bazen, itsasoak erantzun zion, bere gisan, ekaitza eraginez!
Tirainek itsasontzia inarrosten zuten, laster altxatzen, eta bat-batean uzkaltzen bezala, berriz goiti eta berehala beheiti! Arras hondoratuko* zela iduri zuen! Jendea oihuka ari zen, hizkuntza guzietan entzuten ziren beldur garrasiak! Amek beren haurrak egin ahala babesez troxatzen* zituzten, inguratzen, besoetan tinkatzen. Nurak eta Jalilek elkar besarkatzen zuten, barkuaren xoko batean ontsa kokatuak. Kulunka ezin jasana zen orduan!
Jalilek sakelan zituen kauri* kuskuak tinkatzen zituen azkarki. Baina gertatu beharra gertatu zen: jende batzuk barkutik erori ziren urera! Txalupan zirenak entseatu ziren jende gaixoen harrapatzera, kate bat eginez urean ziren bi, ez, hiru, ez bost lagunen salbatzeko!
Baina debaldetan izan zen! Itsasoak irentsi baitzituen! Eta nehor ez zen txalupa hartan aski ontsa igerika bazekienik!
– Munduko igerilaririk hoberenak ere ezinezkoa zukeen! Uhin gaitzak etxeak baino gorago ziren! Itsasoa biziki kexu zen! -gogoratu zion Jalilek Nurari itsasoa doi bat baretu* zelarik, hau negarrez ari baitzen, ezin kontsolaturik.
– Erran ziguten zeharkatze hau aise eta fite iraganen zela! segitu zuen Nura gaixoak. –
– Hori ez da kontatu diguten gezur bakarra. Nura, biak bizirik gara, eta elkarrekin, hori da inportanteena.
Jalilek gehitu zuen, begiak bustirik:
– Hitzeman behar diogu elkarri ez garela sekula bereiziko. Itsasoko Jainkoak deliberatu duke biek loturik segitu beharko dugula! Eta ahapetik: eta egia erran, ados naiz itsasoko Jainkoarekin…
Nura ohartu zen Jalilen begiak bustiak zirela, eta, alegia deus ez:
– A, itsasoko Jainkoak hori erabaki baldin badu, segi dezagun ba! Eta gogotik irri eginez errepikatu zuen: segi dezagun ba! Bi gazteak isildu ziren, barkuan jende talde bat eztiki kantuz hasi baitzen, halako otoitz batean bezala.
Suma jottoon ci picc mi yéék
Ci gaalgi laa am visa
visa ‘téér mbaa suux
Ku amui ndey nampë maam
Kantua franko lasaia zen, uhinek erritmo goxoa ematen zioten. Haizeak ere bere ziztuaz laguntzen zuen xaramela. Halako musikariekin, ezin kantua makur izan.
Dajale naa lima yor
Yooru ba booru Ngor
Jaayante ak sama ngor
Ngir tekki ni samay moromu goor
Gazteak xoraturik egon ziren. Nurak galdatu zion ondoko emazte xaharrari zer kantu mota zen hura. Emazteak erantzun zion:
-Senegalgo olerkia da, wolof hizkuntzan emana; kontatzen du nola Dakarreko ama batek semea Europara igorri zuen, nahitara, eta semeak zer sakrifizio bizi izan zuen itsasoaren zeharkatzeko. Gisa batez, itsasoko eta zeruetako izpirituen eskertzeko kantatu dugu, bizirik utzi baikaituzte.
Jalilek biziki hunkigarri kausitu zuen memento hura, itsaso jabal-jabalak*, zeru urdinurdinak baimentzen zuten une goxo hura. Sakelan zituen kauriak ferekatu zituen. Denbora hola joan zen, itsasoa lasaia, baina jendea akitua, gosetua, egarritua… Beste gau oso bat iragan zuten hola. Batzuk, alditxarturik, besteen gainera erortzen ziren. Bidaiari zenbait itsasoko uraren edatera entseatu ziren, baina hain zen gazia non ez baitzuten hurrupa bakar bat ere edan ahal izan! Jendea hain ahul ikusteak Nura eta Jalil arranguratzen zituen.
Bazekiten gazte izanki beste zenbaitek baino indar gehiago zutela. Baina noiz arte?
Hiztegia:
tupustean: bat-batean
hondoratu: urpera joan
(metafora) troxatu: oihaletan bildu
kauri: itsas moluskua
baretu: eztitu, kalmatu
jabal: lasai
Xalbat ITZAINA, Paxkal BOURGOIN
Muga guzien gainetik
Ikas
Irakasleendako baliabideak
Baliabide hauen deskargatzeko irakasle eta Ikasen bazkide izan behar zara.
Course Features
- Activities B2 maila
You May Like
A2 – Mikel Laboa eta Daniel Landart Zure begiek
ENTZUNAREN ULERMENA - Zure begiek kantua Daniel Landartek idatzia du. Mikel Laboak, Mikel Laboa izeneko diskoan lehen aldikotz grabatu zuen 1969an. ...
A2 – Xalbador eta Jojo eta Ramuntxo Neskatoa haur beharretan
ENTZUNAREN ULERMENA - Neskatoa haur beharretan olerkia Xalbadorrek idatzi du eta Jojok eta Ramuntxok musikatu eta grabatu Maitasunez ba ote diskoan (1993).
A2 – Izaro Paris
ENTZUNAREN ULERMENA - Izaro abeslariaren Paris izenburuko kantua 2020eko Limones en invierno diskoan agertu zen.
A2 – Mikel Laboa Ama
ENTZUNAREN ULERMENA - Ama kantuak Jules Moulier “Otsobi” olerkariaren Maitatua sobera poema du oinarri. Mikel Laboak olerki horretako bertso bat hartu eta musikatu...
Course Features
- Lectures 0
- Quizzes 0
- Maila Hizkuntza maila guziak
- Students 0
- Assessments Self