B1 – Miñan. Bigarren parteko XX. kapitulua
IRAKURRIAREN ULERMENA Miñan liburuan Ibrahima Baldek Gineatik Europara egin bidea kontatzen da. Irakurriko duzun pasartean Ibrahima Libian zen, anaiaren bila. Sabrathako hirian aurkitu ez zuenez, Zawiyara joatea erabaki zuen, baina bidean gizon batek ikusi zuen, kalachnikovarekin mehatxatu eta bere autora igotzera behartu.
Overview
Testua irakurri ondoan, lot itzazu paragrafoen zenbakiak eta behereko erranaldiak, paragrafoak laburbiltzen dituztenak.
1. Quatre-quatre batera igoarazi ninduen, ez dakit Golfa zen edo Forda, orain ez naiz ongi oroitzen, baina auto handia zen. Aurrean fusilak zeramatzan, eta ni atzean eseri nintzen. Arabieraz hitz egiten zidan eta ez nion ezer ulertzen.
2. Pertsona bat hogeita lau orduan nire atzean, eta ni buruz behera, horma baten ondoan. Esaten zidan nire herrira deitzeko eta norbaiti dirua eskatzeko. “Nik han ez daukat inor”, erantzuten nion, baina hari bost*. “Ez daukat aitarik, ama laborari xumea da, nire atzean ez dago inor”. Saiatzen nintzen hori dena arabieraz ulertarazten, baina hari hori dena bost. Hormaz inguratutako eremu zabal bat zen. Zerutik dena ikus zitekeen.
3. Eguerdiko hamabietan eguzkia goi-goitik erortzen zen, eta hondarraren kontra lehertzen. Nire atzean zegoen gizonak belaunikatzeko agintzen zidan, “jarri belauniko eta zabaldu besoak”. Eta han uzten ninduen, beso zabalik, esku bakoitzean harri lodi bat. “Besoak erortzen baldin bazaizkizu fusilak hitz egingo du”. “Oke”. Eta okerrena orduan hasten da.
4. Denboraren pisua sentitzen hasten zara, harriak dardarka hasten dira. Harriak eta gero besoak, eta besoak eta gero bularra, eta bularra eta gero lepoa, eta lepoa eta gero burua, eta burua eta gero dena. Dardarka. Eta lurrera erortzen zara, hondar errearen gainera. Eguzkia ur irakina da zure ahoko zuloan. Orduan, fusila hartu eta min gehien ematen duen lekuan jotzen zaitu, paf-paf-paf. Baina hori ez da ezer. Hori, han, afera txikia da. Gizon harentzat, zu torturatzea egun on esatea bezala da. Ez bazaitu hiltzen, esaiozu mila esker. Tarteka taza erdi bat ur ematen zidan. Orduan, egarri bizia lotzen zitzaidan gorputzean, eta taza ahotik kentzen zidan. Ur gehiago eskatu eta zafrako bat jasotzen nuen. Egarria kentzeko. “Nahikoa edan duzu”. Taza erdi bat ur.
5. Nahikoa, ez hiltzeko. Haren helburua hori zelako, nik sufritzea, baina ez hiltzea. Hilez gero ez nuen bost zentimo balioko, eta ez nion inori deituko dirua bidal zezan erregutuz.
Horregatik ematen zidan, noizbehinka, taza erdi bat ur.
Bi taza erdi ur, hiru egun.
6. Hiru egun pasatu nituen han, hogeita lau orduan pertsona bat ni torturatzen. Baina ez nintzen ni bakarrik. Nirekin batera beste ehun zeuden, edo ehun baino gehiago, ez dakit, ez nituen kontatu. Baina entzuten nituen, gizonak eta emakumeak. Haurrik ez. Emakumeek negar egiten zuten, eta garrasi, gau guztian, gelditu gabe. Bat isiltzen zenean bestea hasten zen, eta hura isiltzean bestea. Eta au suivant.
7. Gure torturatzaile guztiak zibilak ziren, zu eta ni bezalako jendea. Torturatuak ere berdin, emakumeak eta gizonak, denak nire trazakoak. Inork ez zuen ezer egin han egoteko. Ni nire anaia txikiaren bila joan nintzen Libiara, beste guztiak Europarako programa* baten ametsean. Baina gu torturatzen ari zirenei hori dena bost.
Hiztegia:
bost: bost axola, berdin zaio
programa: muga pasatzaileek egiten duten eskaintza, Europara heltzeko
Miñan
Amets Arzallus Antia, Ibrahima Balde
Susa argitaletxea, 2019
Irakasleendako baliabideak
Baliabide hauen deskargatzeko irakasle eta Ikasen bazkide izan behar zara.
Course Features
- Activities B1 maila
You May Like
A2 – Mikel Laboa eta Daniel Landart Zure begiek
ENTZUNAREN ULERMENA - Zure begiek kantua Daniel Landartek idatzia du. Mikel Laboak, Mikel Laboa izeneko diskoan lehen aldikotz grabatu zuen 1969an. ...
A2 – Xalbador eta Jojo eta Ramuntxo Neskatoa haur beharretan
ENTZUNAREN ULERMENA - Neskatoa haur beharretan olerkia Xalbadorrek idatzi du eta Jojok eta Ramuntxok musikatu eta grabatu Maitasunez ba ote diskoan (1993).
A2 – Izaro Paris
ENTZUNAREN ULERMENA - Izaro abeslariaren Paris izenburuko kantua 2020eko Limones en invierno diskoan agertu zen.
A2 – Mikel Laboa Ama
ENTZUNAREN ULERMENA - Ama kantuak Jules Moulier “Otsobi” olerkariaren Maitatua sobera poema du oinarri. Mikel Laboak olerki horretako bertso bat hartu eta musikatu...
Course Features
- Lectures 0
- Quizzes 0
- Maila Hizkuntza maila guziak
- Students 0
- Assessments Self