B2 – OROREN ESKOLAK III
IRAKURRIAREN ULERMENA – Iparreko eleak liburuan, Xabier Monasteriok idatzi du, besteak beste, aitzineko mendeetako euskarazko irakaskuntzari buruz, eta Instructionea gazteriarentçat izeneko lehen eskolako liburuari buruz.
Overview
Testua irakurri ondoan, galderei erantzun iezaiezu.
Ororen eskolak
Jende askok oraino uste du euskarazko irakaskuntza duela zenbait hamarraldi baizik ez zela abiatu. Egia oso bestelakoa da, ordea. XVIII. mendean hasi eta XIX. menderaino iraun zuen mugimendu azkar batek eskolak sortu zituen han-hemen Iparraldeko herri eta haranetan. “Ororen eskolak” erran zieten, haien helburu soziala agerian utzi nahian. XVIII. eta XIX. mendeetan, jendarteak herritar guziei gutieneko hezkuntza maila segurtatu behar zielako usteak indar handia hartu zuen Europan.
Ipar Euskal Herrian “ororen eskolak” sortu ziren giro horretan. Haur guzientzako eskolak ziren, eskola publikoak.
Herri gehientsuetan bazen ororen eskola bat, eta herritarrak berak arduratzen ziren eskola antolatzeaz eta erreient edo maisuari soldata ordaintzeaz.
Hasieratik Eliza katolikoari estuki lotuak egon ziren ororen eskolak, baina giristino ikasbidea ulertzeko haurrek irakurtzen jakin behar zuten, eta ororen eskolak beharrezkoak ziren horretarako.
Izan ere, oinarri-oinarrizko eskolak ziren, irakaskuntza hiru zutabe hauen inguruan ardazten zutenak: irakurtzen, idazten eta oinarrizko kalkuluak egiten jakitea.
Ororen eskoletan neskatoak eta mutikoak joan zitezkeen, baina, gehien-gehienik, mutikoak aritzen ziren, emazteek garaian kasik erabat moztua zutelako hezkuntza eta kulturako sartzea. Nolanahi ere, orduko usadioari jarraikiz, neskatoek eta mutikoek bereizirik ikasten zuten.
Guti dakigu ororen eskolez, baina garrantzi handikoak dira, euskarazko irakaskuntzak haietan emanzituelako lehen urratsak.
Euskarazko lehen eskolako liburua
Euskarazko lehen eskolako liburua duela berrehun urte baino gehiago argitaratu zen Euskal Herrian. Iparraldeko euskaran idatzia denez, segurki, ororen eskoletako ikasmateriala izateko egingo zutela pentsa daiteke. Hogeita lau orrialdeko liburuxka bat da, bi zatitan banatua. Lehenengo parteak Instructionea gazteriarentçat izena du eta bigarrenak Haurren instructionea galde eta ihardesteca.
Liburuxka irakaslearen eta ikaslearen arteko galde-erantzunen sisteman egina da.
Horra liburuxka horretako pasarte batzuk:
Jainkoaren izateaz
Galdera: Segur guira badela Jainco bat?
Ihardespena: Bai: egia bat da hain clara, nun burua galdua behar baita, ukhatceko edo dudatceco; ecic*ez da burua galdua duena baicic, Jaincoric ez dela dioenic.
Munduaren sorrera Galdera: Dembora lucea du, Jaincoac, cerua eta lurra creatu cituela?
Ihardespena. Badu 6793 urtheren inguruan.
Munduko hizkuntzak
Galdera: Zenbat mihi* dire munduan?
Ihardespena. Badire hirur hogoi eta hamabi.
Errepublika
Galdera: Cer da Errepublika bat?
Ihardespena. Errepublika bat da, estatu bat, hainitz presunaz gobernatua; ecic*, estatu batetan, ez denean presuna choil bat baicic gobernatcen duenic, estatu hura deitcen dute monarchia.
Hiztegia:
ecic: zeren, zeren eta
mihi: hizkuntza
Xabier Monasterio
Iparreko eleak
(Ikasek moldatua)
Irakasleendako baliabideak
Baliabide hauen deskargatzeko irakasle eta Ikasen bazkide izan behar zara.
Course Features
- Activities B2 maila
You May Like
A2 – Maddi Sarasua Laskarai Emozioak
ENTZUNAREN ULERMENA - Emozioak Maddi Sarasuak idatzi bertsoak dira.
A2 – Pantxika Solorzano Nola sendi zara?
ENTZUNAREN ULERMENA - Adi egon disko-liburuan (Ikas, 2021), bada Pantxika Solorzanoren Nola sendi zara? kantua. Abesti horretan elkarren kontrako emozioak aipatzen dira.
A2 – Sorotan Bele Zortzi orduko ekaitza
ENTZUNAREN ULERMENA - Horra Sorotan Bele taldearen Zortzi orduko ekaitza kantua (Sorotan Bele izenburuko diskoa, Elkar, 1993).
B1 – Berri Txarrak Berriz min hau
ENTZUNAREN ULERMENA -Berriz min hau Berri Txarrak taldearen abestia da, 2007an Gor diskoetxeak argitaratu Zertarako Amestu izeneko dokumentalean agertzen dena. Kantuaren hitzak Peru Aranburu...

Course Features
- Lecture 0
- Quiz 0
- Maila Hizkuntza maila guziak
- Students 0
- Assessments Self