B2 – Miñan. Hirugarren parteko I. kapitulua
IRAKURRIAREN ULERMENA – Miñan liburuan Ibrahima Baldek Gineatik Europara egin bidea kontatzen da. Irakurriko duzun pasartean, Ibrahimak, anaia naufragio batean hil zela jakin ondoan, trankilo (migratzaileak biltzen diren kanpaleku) batean itxaroten zuen Europara joateko aukera agertu arte.
Overview
Testua irakurri ondoan, galderei erantzun iezaiezu.
Libian stock handia dago, trankilo*-ak beteta daude, presondegiak ere bai. Taf-taf-taf, “egun batean zuek denak hilko zaituztegu”. Haur batek esan zidan hori, begietara begira. Uste dut kontatu dizudala lehenago, baina berdin du, orain berriz esaten dizut, zuk ez ahazteko, zuk jakiteko Libia zer den. Hango arabiarrak politak dira, larruazal argia dute, baina haien barrua harpe ilun bat da. Eta kalaxnikova, orain haien gorputza da.
Berdin dio mutiko izan edo neska, zahar edo haur, denek pentsatzen dute taf-taf-taf.
Itsasoak ere laguntzen die horretan. Baina itsasoa ez da itsasertzean hasten. Trankilo-etan hasten da.
Inmigrazioa stockatzen duen campo bakoitzak bere programa* propioak antolatzen ditu.
Zuk dirua kotizatuko duzu, hiru mila, edo hiru mila eta bostehun, nahi baduzu gehiago.
Baba Hassanek nahiago du gehiago bada. Orduan zerrenda batean sartuko zaitu eta zerrenda betetzean zodiak bat antolatuko du.
Zodiaka ez bada Europara iristen, berdin dio, Baba Hassanek jaso du bere dirua. Abiatu aurretik soldaduak ur ertzean geldiarazten badu, berdin dio, Baba Hassanek jaso du bere dirua. Edo abiatzean, zu, izutu eta ez bazara zodiakera igotzen, berdin dio, Baba Hassanek jaso du bere kalaxnikova, eta taf, hil zaitu. Bai, tiro bat aski. Hori hola da. Esplikatuko dizut.
Zodiaka beti da gauez. Puztu ere itsasertzean eta azken momentuan egiten da. Bien bitartean zu zain zaude, bazter batean. Puzten bukatzean libiarrak, “yallah yallah“, esango dizu, “azkar-azkar”, abiatzeko ordua da. Batzuetan guba motz bat jantziko duzu, baina gehienetan guba-k ehun dira eta programa-k ehun eta berrogeita hamar, eta berrogeita hamar pertsona ezer gabe abiatuko dira. Baina momentu horretan dena da yallah yallah, ez duzu galderarik egin behar.
Libiarra zodiakari bultzaka hasiko da, eta motorra piztuko du. Zuretzat mugimendu hori arrotza da, zeren eta zu ez zara inoiz uraren gainera igo. Agian ez duzu sekula itsasoa zeure begiez ikusi, baina ez da galderak egiteko momentua, orain hor zaude, uraren gainean eserita, eta abiatzeko unea da.
Hemen dago Libia, hor Tunisia, eta han Italia, tarteko dena itsasoa da. Eta itsasoa tonbola bat da. Zuk badakizu jende asko ez dela beste aldera iristen, baina libiarrak, “yallah, yallah“, esango dizu. Itsasoa zakarra bada ere berdin du, zodiakari sakatzen segituko du, ez du begiratuko zer aro datorren.
Hark nahi duen bakarra da zodiaka jendez betetzea, eta gainezka egiten badu nahiago.
Batzuek, ikaraturik, ezetz esaten dute, ez dutela nahi, eta azken orduan ontzira igo gabe gelditzen dira. Arabiarrak oihu egingo du, “igo nahi duena igo dadila, yallah, azkar” , eta ikaratu dena ontzitik kanpo geldituko da, hondarretan, bere guba jantzita.
Hura da erortzen lehena, taf, tiro bat aski da. Ur ertzean hilko dute, ez dezan bere dirua erreklama. Edo ez dadin trankilo-ra itzuli, eta portu horretan ikusi duena besteei kontatzen hasi. Horrek beldurra zabalduko duelako eta Baba Hassanek klienteak galduko dituelako.
Hori Baba Hassanentzat ez da ona. Beraz, libiarrek ez dute inor behartzen zodiakera igotzera, baina igotzen ez dena bertan hiltzen dute, besteen begien aurrean, taf.
Batzuetan pentsatzen dut, lortuko ote dut hau dena ahaztea? Zeren eta burua armairu bat bezalakoa da, eta armairutik gauza bat ateratzeko armairuan beste gauza bat sartu behar duzu. Hola gauza berriak gauza zaharraren lekua hartuko du. Baina nik, hemen, nire asiloaz erabakitzen duten bitartean, ez dut ezer egiten. Ez daukat lanik, ez daukat lagunik, eta ez daukat armairuan sartzeko ezer.
Nire oroitzapenak hor daude, mugitu gabe. Eta egunero atakatzen naute.
Hiztegia:
trankilo: migratzaileak biltzen diren eremua.
programa: muga pasatzaileek egiten duten eskaintza, Europara iristeko.
Miñan
Amets Arzallus Antia, Ibrahima Balde
Susa argitaletxea, 2019
Irakasleendako baliabideak
Baliabide hauen deskargatzeko irakasle eta Ikasen bazkide izan behar zara.
Course Features
- Activities B2 maila
You May Like
A2 – Mikel Laboa eta Daniel Landart Zure begiek
ENTZUNAREN ULERMENA - Zure begiek kantua Daniel Landartek idatzia du. Mikel Laboak, Mikel Laboa izeneko diskoan lehen aldikotz grabatu zuen 1969an. ...
A2 – Xalbador eta Jojo eta Ramuntxo Neskatoa haur beharretan
ENTZUNAREN ULERMENA - Neskatoa haur beharretan olerkia Xalbadorrek idatzi du eta Jojok eta Ramuntxok musikatu eta grabatu Maitasunez ba ote diskoan (1993).
A2 – Izaro Paris
ENTZUNAREN ULERMENA - Izaro abeslariaren Paris izenburuko kantua 2020eko Limones en invierno diskoan agertu zen.
A2 – Mikel Laboa Ama
ENTZUNAREN ULERMENA - Ama kantuak Jules Moulier “Otsobi” olerkariaren Maitatua sobera poema du oinarri. Mikel Laboak olerki horretako bertso bat hartu eta musikatu...
Course Features
- Lectures 0
- Quizzes 0
- Maila Hizkuntza maila guziak
- Students 0
- Assessments Self