B1 – Hil biziak…
IRAKURRIAREN ULERMENA
Overview
Daniel Landartek idatzi Hil biziak antzerki lanaren zatia irakurri ondoan, erranaldiak osa itzazu proposamen egokia markatuz.
Battita eta Kattalin senar-emazteak dira. Beren etxea utzi behar ukan dute eta orain hirian bizi dira, apartamendu ttipi batean. Egunero, afal aitzin, solas berak erabiltzen dituzte…
Battita- Hangoak gara gu…
Kattalin- Hangoak, bai…
Battita- Laborariak…
Kattalin- Laborariak, bai…
Battita- Gure herriak Aldunate izena du.
Kattalin- Etxeak: Garralda
Battita- Bai, Aldunate Garraldakoak gara…
Kattalin- Ginen!
Battita- Egia. Ginen… (Geldi)
Battita- Etxe apal bat, mendi ttonttor baten gainean…
Kattalin- Sukaldea, sularda*, ezkaratza, hiru logela ttipi…
Battita- Barrukia, arditegi hertsi bat, sabaia eta bi ganer*… Eta berrogei urtez,
laborantzatik bizi izan ginen Aldunate Garraldan.
Kattalin- Berrogei urtez nonbait han…
Battita- Argiko jaikirik, lan eta lan, lan eta lan, eta oraino beti zerbait gelditzen egiteko…
Kattalin- Ez ginen alferrak… Ez ginen segur alferrak!
Battita- Eta berrogei urtez lanean karraskan ari izan ondoan, gure etxaldea azkartzen eta hedatzen ikusteko partez, gure etxaldea intzirika-mintzirika hasi zen gero eta gorago; hori entzutean eta ikustean zer gertatzen zitzaigun, beldurrak hartu gintuen baina ez genuen segidan amore eman. Oroit zaitez… Hortzez eta haginez lotu ginen eta bermatu, egiten ahal genituen guziak eginez, baina gero eta garbiago senditzen genuen debaldetan zela eta hondatzera gindoazela. Murruak non-nahitik arrailduak eta makurtzen ari, teilatu zati bat lurrera eroria eta itaizurak* oheraino… Alta anitz urtez, betatxu* eta betatxu ezartzetik ez ginen gelditu, baina betatxuekin ez baita nehoiz berririk egiten…
Kattalin- Badakit Battita, badakit.
Battita- Ttipiak ginen, biziki ttipiak…
Kattalin- Eta gainera, gure segida hartzen ahalko zuen seme bakarra etxetik ihesi joan…
Battita- Eta sekula ez gutaz urrikaldu.
Kattalin- Gaixo gu… (Geldi).
Battita- Berrogei urtez lanean karraskan ari izan ondoan, etxaldea azkartzen eta hedatzen ikusteko partez…
Kattalin- Urteak jin, urteak joan, ttipitu da oraino!
Battita- Eta auzokoak, gu laguntzeko partez, gure ehorzten ari izan dira. Haiek aberatsak ziren, aberatsak, eta hala ere, beti gose. Gure lurrak, aspaldian, begiztatuak zituzten… Genuen poxia kendu digute!
Kattalin- Ez genuen hori merezi… Ez genuen hori merezi…
Battita- Ez, segur! Begira iezaiozu ene kopetari, arroilaz betea da.
Kattalin- Begira iezaiezu ene eskuei, ez dute gehiago esku itxurarik…
Battita- Baina hala ere, lanean aritzeaz kontent ginen… Laborantza odolean genuen…
Kattalin- Hangoak ginen… Hango eginak!
Battita- Han sortuak, han biziak, han behar genuen hil. Baina ez! Atsegin hori ez dugu erdietsi eta lekuak hustu behar ukan ditugu, burua apalik.
Kattalin- Zure gizon lagunak, gerlari ohien ohoretan, herriko ostatuan mozkortzen ari
zirelarik…
Battita- Gu abiatu ginen, zakurra uhurika* ari uzten genuela. Eta geroztik, hemen gaude, hirian, etxe itxurarik ez daukan bizitegi kankail honetan, txoriak kaiolan bezala lau murru triste hauen artean, preso!
Kattalin- Bizirik ehortzi gaituzte…
Battita- Hil biziak gara!
Daniel Landart
Hil biziak antzerkitik (1974)
Hiztegia
sularda: sukalde ondokoa
ganer: selauru, ganbara, bihitegi
itaizur: sabaiko edo teilatuko zilo edo pitzaduratik koteraka isurtzen den ura
uhurika: orroaz
Irakasleendako baliabideak
Baliabide hauen deskargatzeko irakasle eta Ikasen bazkide izan behar zara.
Course Features
- Activities B1 maila
You May Like
A2 – Maddi Sarasua Laskarai Emozioak
ENTZUNAREN ULERMENA - Emozioak Maddi Sarasuak idatzi bertsoak dira.
A2 – Pantxika Solorzano Nola sendi zara?
ENTZUNAREN ULERMENA - Adi egon disko-liburuan (Ikas, 2021), bada Pantxika Solorzanoren Nola sendi zara? kantua. Abesti horretan elkarren kontrako emozioak aipatzen dira.
A2 – Sorotan Bele Zortzi orduko ekaitza
ENTZUNAREN ULERMENA - Horra Sorotan Bele taldearen Zortzi orduko ekaitza kantua (Sorotan Bele izenburuko diskoa, Elkar, 1993).
B1 – Berri Txarrak Berriz min hau
ENTZUNAREN ULERMENA -Berriz min hau Berri Txarrak taldearen abestia da, 2007an Gor diskoetxeak argitaratu Zertarako Amestu izeneko dokumentalean agertzen dena. Kantuaren hitzak Peru Aranburu...

Course Features
- Lecture 0
- Quiz 0
- Maila Hizkuntza maila guziak
- Students 0
- Assessments Self